"Zuekin joateko eskatzen diguzue eta gero jipoitu egiten gaituzue", aurpegiratu die Getxo Biziako kideei alkateak. Horretarako, orain bi egun Algortako batzokiaren aurrean gertatutakoa mahaigaineratu du Zarraoak. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) abian jarritako itxialdien seigarren txanda hastearekin batera egindako elkarretaratzean, EAJtako kide eta jarraitzaileak "irainduak" izan zirela salatu du Zarraoak.
Puntuz puntu
Testuaren lehenengo puntuari dagokionez, "Euskal Herriko 42 gazteren aurka otsailean hasi eta datozen hilabeteetan beste ehundaka euskal herritarrek izango duten epaiketak ozenki salatzearekin bat" datorrela adierazi du Zarraoak. Hala ere, Euskal Herriari dagozkion eskubide politiko eta zibilen aurkako epaiketak direnik gaitzetsi du. Alkatearen hitzetan, "18/98+ plataformako kideek eurek ere ez dute Euskal Herriaren eskubideak aipatzen, epaituak izaten ari diren pertsona horien eskubideen urraketa argudiatzen dute. Izan ere, epaiketak pertsonen aurkakoak izaten dira".
Ildo horretan, bere babesa luzatu die horiei, baina kartzelaratuak dauden kideen askatasuna baino, "epaiketak justoak eta azkarrak" izan daitezela da exijitu behar dela Zarraoaren ustez. Gaineratu duenez, "errudun badira zigorra bete behar dute".
Espainia eta Frantziari ez ezik, "ETAri ere" eskatu behar zaio Euskal Herriaren eskubideak errespetatzea, alkatearen esanetan, "biolentzia erabiltzen dutenei hori eskatzea baita gatazka konpontzeko giltza nagusienetako bat". Halaber, "eskubide horiek aitortu gabe", gatazka politikoa gainditzea posible dela aipatu du Zarraoak, beste herrialde batzuk adibitzat jarriz.
Azkenik, "konponbidea ekarriko duen euskal herritar guztien hitzaren errespetua bermatzeko, elkarrizketa eta akordioaren aldeko apustua" egitearekin bat datorrela aitortu du. Baina, "ETAri ere" gauza bera eskatu behar zaiola zehaztu du Zarraoak.
Gaiaren inguruko berriak:
18/01 sumarioa eramango du Getxoko Udal Batzarrera Getxo Biziak (2005 Ots 24)