Beste behin gaiordenetik kanpo utzi gaituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 25a, 22:12

Madrilgo Auzitegi Nazionalean 18/01 Jarrai-Haika-Segi sumarioagatik 42 gazteri egiten ari zaien epaiketa dela eta, Getxo Bizia herri plataformak aurkeztutako mozioa plenoa bukatutzat eman ondoren bakarrik ahal izan dugu batzar aretoan bertan irakurri. Gaiordenean sartzekotan legez kanpokotzat joko litzatekeela edo partidoen artean konpontzeko kontua dela erantzun ordez, hobe luke Zarraoa alkateak Aznarren opari pozoindua ez onartzea eta bere hiruko gobernuari ez dagokion zinegotzi posturik ez erabiltzea. Hobe luke Aitor Lafuente Ezker Batuko kidearen dimisioa eta Getxo Bizia plataformako hautetsiaren izendapen ofiziala bultzatzea, hauteskunde legearen 182.2 artikuluaren bitartez legez posible eta bideragarria dena.

Mozioaren puntuei emandako erantzunei dagokienez, bagenekien Getxoko alkatea eta udal gobernuko indar politikoak ez direla ezker abertzalearen iritzi berekoak, baina eztabaidatzeko prest gaude eta gaur ezin izan dugu eztabaidatu horretarako aukerarik ez zaigulako eman.

Hilabete honetan Madrilen hasitako euskal gazteriaren aurkako epaiketarekin eta ondoren etorriko direnekin pertsona zehatzen norbanako eskubideez gain euskal herritarroi oro har dagozkigunak ere urratu eta erasotu egiten dira. Horregatik diogu arazoa ez dagokiela herritar zehatz batzuei bakarrik, herritar orori eta Euskal Herriari baizik. Nahi ditugun gazte erakundeetan antolatzeko eskubidea, nahi ditugun komunikabideak askatasunez bultzatu eta garatzeko eskubidea edota nahi ditugun instituzio nazionalak sortu eta demokratikoki indartzeko eskubidea herriari dagozkion eskubideak dira.

Protesta baketsuak debekatu?

Egin dugun interpelazioari erantzunez, berak ez zuela euskal gazteriaren aurka Madrilen hastekoa zen epaiketaren aurka protesta egiteko Areetako Geltoki plazan kokatutako akanpada desalojatzeko agindurik eman esan du alkateak, baina Ertzaintzaren esku hartzeko Getxoko Udalaren parte hartzea ere ez du ukatu. Getxo Biziak jarraitu egingo du akanpada horren altzaraztean Getxoko Udalak izan zuen parte hartzea ozenki salatzen.

Biltzeko eta inoren zereginik oztopatu gabe protesta egiteko eskubidea ezin da galerazi eta polizia indarrez bortizki urratu, Madrilgo epaiketen aurka egindako akanpada otsailaren 11n deseginez egin zen bezala. Eta berriro galdetzen dugu, zein al da Getxoko gazteei eta herritarroi oro har protesta egiteko uzten zaigun bidea?

Koska Irratia Madrilgo komunikabide batean

Udal Batzarrera Koska Irratiko kideak ere hurbildu dira, Madrilgo komunikabide batean Getxori buruz eta bereziki Koska kriminalizatuz argitaraturiko erreportaia salatu eta aste honetan udal agintariekin elkarrizketatzeko hitzordurik ez zaiela eman adierazteko. Getxo Biziak bere elkartasuna azaltzeaz gain, eraso politiko judizialak orain argitaraturiko artikuluen ondoren etorri izan direla behin baino gehiagotan gogorarazi nahi die udal agintariei.

Getxon, 2005eko otsailaren 25ean.

Getxo Bizia
http://www.getxobizia.org
e-posta:info@getxobizia.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun