Kultura 2005-02-27 22:00

Argazki eta Diapositiba Lehiaketaren XIII. edizioa abian jarri du Gorlizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri
Argazki eta Diapositiba Lehiaketaren XIII. edizioa martxan da dagoeneko Gorlizko Udalaren eskutik. Txapelketan Gorlizen ateratako irudirik onenak sarituko dira eta argazki eta diapositiba irabazleak Udalaren kultur ondarea handitzeko eta udalerrian turismoa sustatzeko erabiliko dira. Interesatuek apirilaren 2an izango dute beren lanak aurkezteko epemuga. (Irudian, "Ardiak Gorlizen" Jabi Zabala kazetariaren argazkia, Sarean Photolog webgunetik hartua).
Lehiaketan edonork parte har dezake, Gorlizen bertan ateratako zuri-beltzez zein kolorezko irudiak aurkeztuz gero. Argazkien kasuan, haiek baino handiago den zerbait gogorraren gainean aurkeztuko dira, eta onartuko den tamainurik txikiena 18 x 24 centimetro izango da. Aldiz, diapositibak 5 x 5 centimetrotako markoetan aurkeztuko dira. Adierazitako gutxienezko neurriak ez dituen irudia ez da onartuko, ezta erakutsiko ere.

Lan bakoitzari izenburua jarriko zaio, eta egilearen datuak gutun-azal itxi batean sartu behar izango dira. Gutun-azalaren kanpoaldean lanaren izenburua agertuko da. Lanak apirilaren 2ko 13:30ak baino lehen aurkeztu beharko dira postaz edo honako helbidean utziz: Gorlizko Turismo Bulegoa, Krutzeta kalea 5, 48.630 Gorliz. Aparteko informazioa eska daiteke telefono honetan: 946 774 000.

Sariak

Epaimahaia argazkigintzarekin zerikusi handia duten pertsonez osatuta egongo da, eta erabakia apirilaren 14an, osteguna, jakinaraziko da, 20:00etan, Gorlizko Erakusketa aretoan, Eloisa Artaza kalean. Jarraian sariak banatuko dira. Dena den, epaimahiak hutsik jo dezake saria, hala erabakiz gero, aurkezturiko lanek ez baleudate beharrezko kalitatea. Edozein zalantza argitzeko prest egongo bada ere, une guztietan epaimahaiaren iritzia nagusituko da eta bere erabakia aldaezina izango da.

Sarietan kopuru hauek banatuko dira:

- 200 euro diapositibetarako (sari bakar batean, edo sari bitan).
- 900 euro argazkietarako (sari anitzetan). Hoietariko sari bat Gorliz turistikoki hoberen sustatzen duen argazkiarentzat izango da.

Saritutako lanak Gorlizko kultur etxearen jabegora pasatuko dira, kultur ondarea gehitzeko, erakusteko, berregiteko edota argitaratzeko eskubidea bereganatuz. Horregatik, egilearen eskubideak ezin izango dira eskatu. Aurkeztutako argazki eta diapositiba guztiak Gorlizko Udal Erakusketa aretoan egongo dira ikusgai, apirilaren 14tik 22rarte.

Sarituak izan ez diren lanak kultur etxean batu ahal izango dira 2005ko maiatzaren 31arte. Aipaturiko epean batu izan ez diren lanak Gorlizko kultur etxearen eskuetan geldituko dira betiko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa