PSE-EEtik botatzen badute, zinegotzi kargua ez du utziko Gotzone Morak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 28a, 19:19

Hainbat izan dira Gotzone Mora Getxoko PSE-EEko zinegotziak asteburuan Kolonbian egiten ari zen terrorismoaren biktimen aldeko topaketetan adierazitakoa jaso duten hedabideak. Horien arabera, alderditik kanporatzen badute Udalean daukan kargua ez du utziko EHUko irakasle eta Ermuko Foroko kide ere denak. Azken aldian sozialisten buruekin edukitako tira-birek baliteke Mora PSE-EEtik kanpo uztea. Hori uste du behintzat zinegotzi getxoztarrak eta, alderdiko arduradunek hartuko luketen erabakiari aurre hartuz, kanporatua izatekotan Talde Mistora joango litzatekeela adierazi du. "Karneta kentzen badidate ere, sozialista izaten jarraituko dut", dio Morak. Besteak beste, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiarekin bat egin zuen hasieran aipatutako topaketetan oraindik ere ordezkari sozialista denak.

Gotzone Morak Leioako PSE-EEko beste zinegotzi baten aurka egindako "salaketak" izan omen dira sozialisten buruengan ezinegona piztu dutenak, ezker abertzalearekin izandako elkarrizketetan "bitartekari" lanak egitea leporatu zion, hainbat hedabidek aipatzen dutenez. Bestalde, Areetako Ondategi kalean ETAk jarritako bonba-autoa gaitzesteko elkarretaratzean izandako jarreragatik ere publikoki kritikatua izan zen. Urtarrilaren 19an, Iñaki Zarraoa iraintzen ari zirenen artean zegoen Mora kontzentrazioan eta, hura amaitu eta berehala, Getxoko PSE-EEko ordezkariaren jarrerarekin bat ez datorrela adierazi zuen Jose Antonio Pastor Euskadiko Sozialisten Presidenteak. "PSE-EEk ez du bere burua irudikatuta ikusten Moraren jokabidean. Gainerako alderdikideokin egon behar zuen zinegotziak", gaineratu zuen.

Gaiaren inguruko berriak:

Sozialisten hautagai bezala ez dela gehiago aurkeztuko adierazi du Gotzone Morak (2005 Urt 25)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun