Areetan eta Algortan batuko ditu sinadurak Aukera Guztiak hautesle-elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 28a, 20:24

Aukera Guztiak hautesle-elkarteari EAEko apirilaren 17ko hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko 40.000 sinadura eskuratzen lagundu nahi duenak Algorta eta Areetako notaritza bana izango ditu Uribe Kostan aukera bakarrak. Izan ere, Bizkaiari dagokionez, gaur hasi den eta martxoaren 11n bukatuko den sinadura-bilketan parte hartzeko Algorta, Areeta, Bilbo, Deustu, Barakaldo, Durango edo Zornotzan baino ez da posible izango sinadura botatzea. Uribe Kostako bi notaritzen helbide eta ordutegiak honakoak dira: Algorta: Amesti notaritza. Amezti 6. Astelehen, asteazken eta ostegunetan goizeko 10etatik 13etara eta 16:30etik 18:45era. Areeta:Gimeno Gomez Lafuente eta Perez Rodriguezen notaritza. Eskoletako plaza 1. Astelehenetik ostegunera, goizeko 9:15etik 13:15era eta 16:15etik 18:30era. (Irudian, Xabier Mendiguren Elizegi Aukera Guztiak taldearen bozeramailea. Argazkia Eibar.org-etik hartuta dago).

Aukera Guztiak “ekimen zibila” iragan den ostiralean aurkeztu zen Bilbon. Bertan, Xabier Mendiguren idazle eta editoreak plataformako komunikatu bat irakurri zuen, besteak beste, Jagoba Errekondo kultur teknikaria, Peio Zabala meteorologoa, Juanmari Irigoien idazle eta ingeniaria, Antton Lafort enpresaburua, Kirmen Uribe idazlea eta Dionisio Amundarain itzultzailearen babesa zuela. Testuaren arabera, euskal herritarren eskubideak “behin eta berriro urratuak” direnean eta eskubide zibil eta politikoak babesteko, ekimena hautesle-elkartea bilakatuko da ideia guztiak EAEko apirilaren 17ko hauteskundeetan ordezkatuta egon daitezen. Horren arabera, Aukera Guztiakek ez dauka programa politikorik ezta inor ordezkatzeko asmorik ere.

Era berean, edonork parte har dezake ekimen horretan aukeraguztiak@hotmail.com posta elektronikora idatziz. Prentsaurrekoan, Aukera Guztiaken partaide publikoek gizarte eskubideen urraketa ororen kontrako jarrera azaldu zuten eta bakea eraikitzeko, eragile guztien arteko “mugarik eta bazterketarik gabeko elkarrizketaren” aldeko apustua egin zuten. Ekimen zibilak lege betekizun guztiak beteko dituela jakinarazi zuen, baina oraindik ez du jakitera eman zeintzuk izango diren bere hautagaiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun