Horretaz gain, udal arduradunek eta herriko gizarte eragileek osatuko duten batzordea sortzera behartzen du Aukera Berdintasun Planak. Horren jarraipena eta helburuak betetzen diren aztertuko du aipatu erakundeak.
Neurri zehatzak
Udal-langileen artean bultzatuko dute gehien bat aukera berdintasuna. Hezkuntza zentroetan, berriz, kirol jardueren eskaintza zabalagoa egin nahi dute, sexuen arteko bereizketarik egin gabe. Hirigintzari dagokionez, emakumeen parte-hartzea bultzatuko da, euren interesak eta beharrak kontutan har daitezen. Horretaz gain, bakarrik bizi diren edo senideren bat euren ardurapean daukaten emakumeei arreta berezia eskainiko zaie, ezegonkortasun ekonomikoa saihestu eta horien laneratzea edota gizarteratzea errazteko asmoz.
Hezkuntza Arloaren bitartez, ikastetxeek ere egitasmoan buru belarri aritzea bultzatuko da, eskola barruko zein kanpoko jardueren bitartez, ikasleek euren aukerak zeintzuk diren ezagutu ditzaten sexuaren araberako estereotipoei muzin eginez. Kulturan, berriz, "emakumeek edota emakumeei buruzko ekoizpenei bidea" ematea izango da lehentasunetako bat. Azkenik, tratu txarrak edota sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeak hartzeko zentroak sortzeaz eta horiek kudeatzeaz arduratuko da Gizarte Ekintza Arloa. Hitzarmena ere sinatuko dute Andrak herriko elkartearekin.