Mendia, Doñate, Urrutia, Celaa, eta Agundez PSE-EEko zerrendetan izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 1a, 17:18

Idoia Mendia Barrikako zinegotzia (argazkian), Francisco Doñate eta Victor Urrutia unibertsitateko katedradunak, Isabel Celaa Leioako campuseko bibliotekako zuzendari ohia, eta Getxoko Udalaren erabakiak maiz kritikatu dituen Mertxe Agundez ararteko ohia hautatu zituen herenegun Bilbon PSE-EEko Nazio Batzordeak apirilaren 17ko EAEko hauteskundeetan Bizkaiko zerrendan Patxi Lopez lehendakarigaia laguntzeko.

Iragan den ostiralean onartu zituen PSE-EEko Bizkaiko Batzorde Exekutiboak apirilaren 17rako zerrendak eta herenegun, Bilbon, berretsi zituen PSE-EEko Nazio Batzordeak, Arabako eta Gipuzkoako zerrendekin batera. Aipatutakoez eta Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiaz (1. postuan), aparte, Bizkaiko zerrendan agertzen diren beste hautagai batzuk Bilboko Roberto Lertxundi medikua eta EPK eta EEko legebiltzarkide ohia, Miguel Angel Asporosa UGTko sindikalista eta La Navaleko Enpresa Batzordeko presidentea (15. postuan), Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEko arduraduna (2. postuan), Rodolfo Ares (4. postua) Bilboko zinegotzia eta legebiltzarkidea, Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkatea eta Dolores de Juan Basauriko PSE-EEko bozeramailea dira. Gazteria Sozialistak Oscar Seco eta Lara Cuevasen bitartez egongo dira ordezkatuta.

Uribe Kostako hautagai ezagunak

- Idoia Mendia abokatu bilbotar euskalduna, Alderdien Legearen eraginez, Barrikako zinegotzi-aulkian jezartzen da. Horretaz aparte, Gazteizko Legebiltzarreko partaidea da.

- Francisco Doñate Leioako Medikuntza fakultateko katedraduna eta Bizkaiko Ezker Batuko koordinatzaile ohia da.

- Victor Urrutia Soziologiako katedraduna EHUko Leioako campusean. Manuel Monteroren Irakasleriarako errektoreordea izandakoa da.

- Isabel Celaa, zerrendako 3. postuan joango dena, legebiltzarkidea eta PSE-EEko Hezkuntza arduraduna da egun, eta lehenago EHUko Leioako campuseko bibliotekako zuzendaria izan zen. Celaak tira-bira handiak izan zituen Gotzone Mora alderdikidearekin EPPKko presoak EHUn berriro matrikulatzeko aukeraren alde egindako adierazpenak zirela eta.

Getxon entzutetsua izan den Ararteko ohia

Mertxe Agundez Bizkaiko PSE-EEk prestatutako zerrendako 6. postuan agertzen da. Agundez jarduneko Arartekoa izandakoa da eta hainbatetan egin du Getxoko Udalak hartutako erabien kontra. Besteak beste, 2001eko urrian, Azkorrin nudismoa debekatzeko Iñaki Zarraoak 1955eko araudi batean oinarritutako dekretu bat zela-eta; 2002ko ekainean, Getxoko Udalak 3 urteetako umeen gurasoei haurrak B eta D ereduetan matrikulatzeko gomendioa egiteko bidalitako gutuna “familiaren eta norberaren intimitatearen” kontra zihoala eta “udalek dituzten eskumenetatik” kanpokoa zela argudiatu zuen Agundezek; 2003ko urrian, Arartekoaren inkestei ez erantzuteagatik Getxoko Udalaren jarrera salatu zuen; 2004ko ekainean Agundezek Gobelatik 10 metrotara eraikitzea gomendatu zuen, Itzubaltzeta / Erromon egin beharreko etxebizitzen planoei baliorik eman gabe.

Agundez orain dela gutxira arte Aldaketa plataformako kidea izan da, baina elkarteak PSE-EEko zerrendetan parte hartzeko Patxi Lopezek egindako gonbitea errefusatu ondoren, Aldaketa utzi zuen talde horren “independentzia” ez baldintzatzeko. Era berean, Aldaketaren oinarriak defendatuko dituela ziurtatu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun