Hilabete luzea emakumeentzat eta emakumeek egindako jarduerez beteta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 1a, 22:06

Pinturaren eskutik abiatu dituzte, gaur bertan, Getxoko XVI. Emakumeen Jardunaldiak. Mª Carmen Cabarcos getxoztarraren olio-pinturak Itzubaltzeta / Erromoko Erakusketa Aretoan egongo dira ikusgai martxoaren 12ra bitartean. Areto horretan ere Txaro Gutiez Romero, Juanjo Salado eta Igor Ortegaren argazkiak jarriko dituzte hilaren 15etik aurrera. Kultur Etxeak antolatzen dituen ekitaldiez gain, bere ekarpena egin nahi izan die jardunaldiei Getxoko Udaleko Berdintasun Arloak. Martxoaren 8an ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, horien parte-hartzea ardatz izango duen jarduera antolatu dute. Hain zuzen ere, margozten lagundu nahi duten emakume guztiek osatutako 8 x 2,40 metroko horma-irudia egingo dute, 9:00etatik 14:00etara, Algortako Getxo Antzokian. "Beraien egunean emakumeek bizi eta sentitu dezatela da helburua", Iñaki Urkiza zinegotziaren hitzetan.

Beste behin ere Emakumeen Aldeko Jardunaldiak ospatuko dira aurten Getxo udalerrian. Hamasei urtetan emakumeen lan artistikoen eta horien "gaur egungo arazoen eta errealitatearen ezagutza" indartzeko plataforma izan dadila saiatu dira udal arduradunek. Horren harira, martxoaren 1etik apirilaren 5era hainbat jarduera eramango dira aurrera; antzerkia, zinea, musika, hitzaldiak eta erakusketak, hurrenez hurren, guztiak emakumeen inguruan. Azken finean, horien alde lan egiten duten ekimen, talde eta erakunde guztientzako "lagungarri" izateko eratu ziren Getxoko Emakumeen Jardunaldiak, Elena Coria Getxoko Kultur Etxeko arduradunak azaldutakoaren arabera. "Beraien errealitatea ezagutzera emateko, jasaten dituzten arazoentzako irtenbideak sustatzeko eta egiten duen lana bultzatu zein indartzeko tresna hoberena dira, emakumea dagokion mailan ezarriz", dio udal ordezkariak.

Zinea, musika eta antzerkia

Ohikoa den bezala, Kultur Etxeak antolatzen dituen zinema-zikloek jardunaldietan ere parte-hartzea izango dute. Horrela, Zine-Klubak eta Cinema Paradisok aintzatetsitako zenbait ekoizpen eskainiko dira: Iciar Bollain-en "Te doy mis ojos", Agnes Jaoui-en "Comme une image" (Irudi bat bezala), Estefania Muñiz Villa-ren "No me quieras tanto" film laburra eta azkenik, Joshua Marston-en "Maria eres llena de gracia", Independent Spirit sarietako zenbait kategoriatan hautatua eta Oskarretarako ere sailkatua.

Bestalde, musikak garrantzi handia izango du aurtengo egitarauaren barruan, hainbat emanaldi egongo baitira. Lehendabizikoa, Ladies' Blues Caravan izango da, blues garaikidearen hiru artista garrantzitsu biltzen dituen ikuskizuna: Ana Popovic, Candye Kane eta Sue Foley. Hirukote horretako partaideek oso musika estilo desberdinak dituzte, baina agertoki gainean maisuki bat egiten dute. Bluesaren ondoren, "Emakumeak Musikan" V. Jaialdiaren soinu klasikoak izango ditugu, eta aurten, udalerrian bi kontzertu eskainiko dira. Lehenengoa, Carmen Cuesta eta Alvaro Guijarro piano bikotearen eskutik, eta bigarrenean, Antonio Arias flautajolea eta Gerardo López-Laguna pianojolea izango dira. Bi kontzertuetan, hainbat emakume konpositoreren piezak joko dira. Horretaz gain, jaialdia dela eta, Emakumeak Musikan elkarteko lehendakari den Maria Luisa Ozaitaren hitzaldia ere izango da.

Azkenik, urtero bezala, antzerkiak ezin zuen hutsik egin. Oihulari Clown konpainiak "Molestias clównicas" antzeztuko du. Bertan clown bikote batek ikusleei egunerokoak diren estresa, pisua galtzeko dietak, neurosia eta automedikazioa bezalako gaiekiko duten ikuspegia hurbilduko die bertaratutakoei, betiere emakumeek osasunarekin duten erlazioa erreferentziatzat hartuz. Antzerkiak ezin du jardunaldiekin duen ohiko hitzorduarekin hutsik egin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun