Adiskidekeria salaketa ulertzerik ez" dagoela adierazi du Iñaki Zarraoak. "Aipatu langilea ordezkari sindikala zen eta hitzarmen kolektiboak betearaztea bermatu behar zuen", argudiatu du alkateak. Derrigortutako erretiroaren akordioa "komenio kolektiboaren klausula batek eraginda" hartu zuen Udalak lana bultzatzeko asmoz", hau da, langileen ordezkariekin adostutakoa indarrean jarri omen zuten.
Sententziak erretiro datarako aipatu hitzarmena indargabetuta zegoela iritzi dio eta Udalak zigorra jasotzea ekarri du. Bertatik, berriz, hitzarmenak jasotako itun eta akordio guztiei "errespetu osoa" aitortu nahi izan dietela beti adierazi dute, bertan derrigorrezko erretiroa administrazioaren kabuz 65 urte betetzen dutenean" aitortuko zaiela udal langileei aipatzen delako.
Bi urte epaitegietan
Gogoratzekoa da 2003ko apirilaren 13an Bilboko 7. Gizarte Gaietarako Epaitegiak Getxoko Udalari eman ziola arrazoia. Epaia errekurritu zuten arren, Espainiako Auzitegi Goreneko Gizarte Aretoak 2003ko apirilaren 3an berriro eman zion arrazoia tokiko erakundeari. Auzitegi Gorenak berak 2004ko martxoaren 9an kaleratutako ebazpenean Udalaren tesien alde agertu zen berriro. Hala ere, 2004ko azaroaren 2an aurretik hartutako irizpidea aldatu egin zuten beste epai baten bidez eta langileari arrazoia eman. Auzitegi Goreneko Ministerio Fiskalak, ordea, langilearen erreklamazioa gaitzestea eskatu zuen.
Berriro ere onartua izatea edo kalte-ordaina jasotzea aukera dezakeela dio azken ebazpen judizialak eta dirua hartzearen alde agertu da langilea. Hortaz, Udalak zerbitzuan lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko soldata ordaindu beharko dio, baita tramitazio soldatak ere, baina Estatuari 60 egunei dagokiena gainditzen duena eskatuko dio.
Behin-behinekotasuna
Bestalde, langileen behin-behinekotasun salaketari dagokionez, Zarraoa alkate dagoenetik hamaika kategoriako funtzionario lanpostuak betetzeko hautatze prozesuak burutu direla azpimarratu dute udal arduradunek: administrazio orokorreko teknikaria, administrari laguntzailea, operarioak, atezainak, gizarte langileak, aparejadorea, Udaltzaingoko kideak eta hizkuntza normalizaziorako teknikaria hartzekoak, hurrenez hurren. Baita beste hiru kategoriatako prozesuak martxan jartzear daudela ere. Gainera, hautatzeko prozesuen eta aldian aldiro sortzen diren beharrei erantzuna emateko lan poltsen "gardetasuna" agerian utzi nahi izan dute, sindikatuekin adostutakoak eta udal web gunean argitaratzen direla argudiatuz.