Autodefentsa ikastaroa antolatu dute Berangoko Emakumeen Jardunaldien barruan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 2a, 13:08
Karate Kabushi eskolaren eskutik, euren burua defendatzeko teknikak ikasteko aukera izango du emakume berangoztar orok, horrela nahi izan ezkero. Ikastaroa martxoaren 5ean eta 6an (larunbata eta igandea), bertoko ikastetxeko gimnasioan, arratsaldeko seietatik aurrera. Parte hartzeko interesa duten guztiek aipatu egunak baino lehenago eman beharko dute izena Berangoko Kultur Etxean. Gutxieneko emakume kopurua beharko da taldea osatu eta ikastaroa egin ahal izateko.
Lucia Linares Garcia Uribe Kostako Emakume Alargunen Elkartearen (ALBOA) presidentea eta Euskal Herriko alargunen federazioaren sortzaileak eskainitako hitzaldiarekin abiatu ziren atzo arratsaldean Berangoko Emakumeen Jardunaldiak. Horientzat interesekoak diren gaiei buruz aritu zen aipatu ekitaldian eta, horretaz gain, ohorezko saria emango zitzaion ALBOA elkarteari emakumeen alde egiten duen lanagatik.

Kalejira, antzerkia...

Hala ere, asko geratzen da oraindik martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldieei bukaera emateko. Asteburu honetako autodefentsa ikastaroaz gain, aurretik adierazitako egunaz ondo baino hobeto gozatzeko, umorez beteriko kalejira egingo dute, 19:15etik aurrera, Sabino Aranatik Kultur Etxera. Ondoren, txokolatea egongo da guztientzako.

Antzerkiak ere ezin zuen kale egin jardunaldietan eta, hilaren 11an, “Que se mueran los feos” antzezlana eskainiko du, 19:00etatik aurrera, kultur etxean, Bonbolinak taldeak. Aipatzekoa ere, Maria Jose Urruzola pedagogoa eta LANBROA kolektiboko kideak “Prevención de la violencia de género desde la coeducación” izenburupean emango duen hitzaldia, beste hainbat ekitaldien artean. Kultur etxean ere izango da saio hori, 19:30etik aurrera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun