Goizean aurkeztu dute datorren astetik aurrera garatuko den ekimena. Llorenteren alboan zen Bilgune Feministako ordezkaria. Bere hitzetan, ikastetxeetan diskriminazioak bere horretan dirau. Egungo hezkuntza "jendarte patriarkarraren isla" dela salatu du. Hezkuntza "sozializaziorako bitarteko ezinbestekoa" dela esan ostean, "sexu parekidetasunaren prozesuan funtzio berezia" hartzen duela azaldu du. Bi betebehar esleitu dizkio hezkuntzari: "emakume aldagaia uztartuz joan behar du emakumeon presentzia, ekarpena eta garrantzia azpimarratu eta sexu/genero sistemarekin bukatu behar du". Horretarako, hezkidetza politika integralak bermatu behar dituela azaldu du.
"Ikasleon kontzientzia feminista gorpuzteko eta egoera sexistak identifikatzeko" balioko dute tailer hauek. Ikastetxe batzutan zuzendaritzari proposatu eta bere gain hartu du honek ekimena. Beste batzuetan bizkarra eman dio zuzendaritzak ekimenari eta kasu horietan, paroak deituko dituzte ikasleek, hezkuntza parekide baten aldeko tailerrak burutzeko.
"Egungo hezkuntza ez da parekidea"
IAko eta Bilguneko kideek esandakoen adibide dira Solokoetxeko (Bilbo) ikastetxeko ikasle batek adierazi dituenak. Egoera sexistak "maiz" bizi dituztela ikasleek azaldu du, "hain dira ohikoak normaltzat jotzen ditugula". Esandakoa azaltzeko adibide zehatzak eman ditu: "Matematiketako buruketetan emakumeak agertzerakoan rol bati estuki lotuak egon ohi dira; Patioaren banaketa diskrimitzailea da mutilek patioaren gehiengoa okupatzen dute futbolean, saskibaloian... jokatzeko. Neskak berriz txoko edo iskinera alboratuak izaten gara".
Atzo bertan gertatutakoa ekarri du gogora: Bilboko Mintegi Ford enpresak praktiketarako eskaera bat atzera bota zuen ikaslea neska zelako"
Itxuraz bestelakoa badiote ere, salaketa egin nahi izan du Solokoetxeko ikasleak: "Egungo hezkuntza ez da parekidea, ez gaitzatela engainatu". Ikasleen oinarrizko eskubide gisa definitu dute guztiek hezkuntza parekidea izatearena eta horregatik, Solokoetxeko ikasleek hezkidetza tailerrak egiteko hartu duten hautua azaldu du: "Euskaraz ikasteko eskubidea, eskubide demokratikoak, ikasbaldintzak... borrokatzeaz gain Solokoetxen Hezkidetza eskubidea borrokatzeko hautua hartu dugu. Bakoitzaren izaera ezberdinetik abiatuz, aukera berdintasuna bermatuko duen hezkuntza lortzeko xedez".
(Informazioa eta argazkia: Gaztesarea.net)