Andoni taldeko bateria, bigarren ahotsa eta behin behineko managerrak UKBERRIri azaldu dionez, R13ko oraingo formazioak (Osoitz baxuan, Arkaitz kitarran, Onintza mikrofonoan eta Andoni baterian eta mikrofonoan) bi urte bete ditu dagoeneko, baina aurretik ere jotzen zuen taldeak. Laukotea baino lehen hirukotea izan ziren Arkaitz, Andoni eta Haimar abeslaria. Ondoren Osoitz sartu zen, Haimarrek taldea utzi zuen beste musika estilo baten aldeko apustua eginez eta bere lekua betetzeko Onintza hurbildu zen. Inor ez da gorliztarra taldean, baina Zehatz musika elkartearen lokaletan talde gisa batu zirenez eta bertan entseatzen dutenez harro daude taldea gorliztarra izateaz.
Rastametal
"Guri etiketak jartzea ez zaigu gustatzen" aitortu digu Andonik, R13ko estiloa zein den galdetu diogunean. "Esaten digute DJ Harvey-ren antza dugula eta baita ere Anari, Kashbad edota Zea Maysekin antzekotasunak baditugula. Guk, txantxetan, edozein kasutan Rastametal edo Post-Hardcore garela defendatzen dugu".
Diska pasa den urteko apirilean hasi ziren grabatzen eta ekainean grabazioa bukatuta zeukaten, lan guztia urrian amaitu zutelarik. Ekoizpen lanak direla-eta lanaren irteera beranduago izan da. Baina, dagoeneko Leioako Kurkudi tabernan, Algortako Traganarru eta Amnistia tabernetan, Gorlizko Haizea tabernan eta Zehatz musika elkartean, Urdulizko Basartena tabernan eta Itzubaltzeta / Erromoko Branka tabernan dago salgai Uribe Kostari dagokionez. Bilbon, besteak beste, Morga, Errondabide eta Muga tabernetan topatu daiteke R13ren lana. Dena den, taldekideak oraindik daude CDa zabaltzen eta aipatu zerrenda luzatzekoa da.
Diskaren azalera "Sistemaren kontra" (mp3) kantako pailaso-bonba pertsonaia eraman dute, "gure musikaren iluntasunean kolorea eta indarra emateko" eta lana "txunditzekoa" izateko.
Kantak doan sarean
Andoniren ustean R13ko lana gustukoa daukatenek edota kanta berriak egitera animatu eta lagundu nahi dutenek erosiko dute diska, baina "egunen batean dirua aterako badugu, kontzertuetatik izango da. Musika artea da eta doakoa izan behar da, edozeinek entzuteko libre". Horregatik, eta taldeak duen copyleft filosofiagatik, kanta guztiak bere webgunean dauzka R13k, edozeinek jeisteko prest. Dena den, "MP3n dagoena ez da disko berria, aurremasterizazioa baizik" dio Andonik barkamena eskatuko balu moduan, "baina aldatuko dugu", gaineratuz.
R13 zuzenean ikusteko aukera franko izan dira orain arte eta, berriz, eskualdean joko du taldeak Leioako Gazte Egunaren kontzertuetan, martxoaren 12an. Joan zaitezte ikustera baina kontuz ibili, Andonik aitortu baitigunez "askotan euria egin digu".
Harremanak:
645 708 517 (Andoni) edo andonielo@euskalnet.net