Ondategin segurtasun neurriak areagotzea eskatuz, ostiralean, Getxoko PPk aurkeztutako mozioa udal gobernua osatzen duten EAJ, EA eta EB-Berdeakeko kontrako botoekin gelditu zen bertan behera. Imanol Landa Presidentzia zinegotziak udalbatzari adierazitakoaren arabera, "osoko bilkura ez da lekua horrelako eskaera egiteko, gehienbat segurtasun kontuak direnean, eztabaida publikorik ezin daitekeelako egin". "Bizilagunen onerako ez da", gaineratu zuen Landak. Are gehiago, neurri horiek areagotu diren ala ez ia badakien galdetu zion Marisa Arrue popularren bozeramaileari.
Horrek, ordea, "hitz politak" ez direla nahikoak eta "horren sentsibilizaturik" badaude, mozioaren alde egiteko exijitu zien udal gobernua osatzen duten alderdietako zinegotziei. "Badakit atzera botako duzuela, batik-bat guk aurkezten dugulako", egotzi zien Arruek, jokabide hori "lotsagarria" zela gaineratuz. "Presoen senideei aisa ematen dizkiezue dirulaguntzak, baina bonbek kaltetutakoei..." ere bota zuen zinegotzi popularrak.
Morak huts egin zuen
Orduan iritzi ziren eztabaidaren unerik beroenak. "Zuek gu ETArekin lotzeaz kokoteraino gaude. Dagoeneko gizarteak ez ditu gure aurka egiten dituzuen salaketak sinisten, nazionalismoa eta terrorismoa gauza bera direla esanez", erantzun zion ozen Arrueri Landak. PSE-EEko eta PPko aldeko botoak baino ez zituen jaso mozioak, hutsune nabarmenak tartean. Larunbateko elkarretaratzea iragarri duen Gotzone Mora ez zen osoko bilkuran egon, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) antolatutako jardunaldietan zegoelako Kolonbian, Jose Maria Aznar Espainiako presidente izandakoarekin batera.