Gobelako kirol instalazio berriak ezagutzera emateko kanpainari herenegun bertan eman zitzaion hasiera, Getxo Kirolaken Batzorde Eragileko kideen bisitarekin. Gaur, berriz, kirol talde getxoztarrei luzatu zaie gonbidapena, eta martxoaren 9an Kirolbide, Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean lurraldeko udalerrietako kirol jarduerak koordinatzen dituen erakundeko kideek daukate hitzordua.
Gidatutako bisitaldien bitartez, igeritokiak, tenis eta padel pistak, kirol pabilioia, kirol anitzetarako aretoak, fitness-muskulazio gimnasioa, aparkalekua eta gainontzeko ekipamenduak ikusteko izango dute guztiek. Gobela kiroldegia ofizialki zabaldu ostean ere, ateak zabalduko dituzte, apirilaren 9 eta 10eko asteburuan, instalazioak ezagutzeko.
Apirilaren 4a eta 8a bitartean egingo da Itzubaltzeta / Erromoko Gobela kiroldegiko inaugurazio ekitaldi ofiziala. Hala ere, egun zehatza erabaki artean, instalazio eta jarduera eskaintza berriak ezagutzeko aukera eman nahi zaie getxoztar guztiei eta, bereziki, Areeta eta Erromoko bizilagunei, Iñaki Zarraoak zehaztutakoaren arabera, "zerbitzu horretatik hurbilen daudenak direlako". Bisitaldiak martxoaren 12, 13, 19 eta 20an, asteburuan, egingo dira, 9:30, 10:30, 11:30 eta 12:30ean. Baita hilaren 18an (ostirala) arratsaldean, 16:00, 17:00, 18:00 eta 19:00etan. Hamabost laguneko taldeak osatu eta ordubetekoa izango da bisita gidatua. Izan ere, "kirol instalazio berriak ezagutzeko aukera ahalik eta jende gehiagori ematea da asmoa", udal arduradunaren hitzetan. Horretarako, martxoaren 7tik aurrera eman ahal izango da izena