Dagoeneko azken urteotan udalerrian egin diren ekitaldiak aurrerantzean ere egiten jarraitzeko, Bizkaiko Herri Kirol Federazioarekin lankidetza hitzarmena sinatuko du
Getxoko Udalak. Hiru urteko iraupena izango du eta, horri esker, aurten Euskal Kirolaren Eguna, Bizkaiko Zaldi Proben Txapelketa, idi-proben bi jaialdi pisu librean zein konparatuan eta udalerriko jaietan erakustaldi bana egiteko konpromisoa hartuko du kirol erakundeak (azkenekoak izan ezik guztiak Getxoko probalekuan). Hain zuzen ere, aipatutako lehenengoan kirolari ezagunak ez ezik, Asturias, Galizia eta bestelako herrialdetatik etorritakoak ere aritzen dira lehian. Getxoko Udalak, berriz, federazioari 40.000 euro emango dizkio 2005eko ekitaldiak aurrera ateratzeko. Izan ere, diru-laguntzena "urteko aurrekontuen araberakoa" denez, bere garaian zehaztuko dira 2006 eta 2007rako diru kopuruak.