Getxoarte 2005 aretoan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 3a, 20:12
"Getxoarte 2005" Arte Sortu Berrien Aretoan izena emateko epea ireki berri du Getxoko Kultur Etxeak. Ekitaldi honetan parte hartu nahi duten artista gazteek Kultur Etxearen zentro guztietan dituzte eskuragarri oinarriak eta inskribatzeko orria. Baita www.getxo.net orrian ere. Bestela, 94 431 92 80 eta 94 491 40 80 telefono zenbakietara hots egin eta informazioa eska daiteke. Izena emateko epea martxoaren 23ra arte egongo da zabalik.
Arte garaikideko hainbat maisuk osatutako epaimahaiak egingo du 50 artista onenen hautaketa, eta horien izenak maiatzean emango dituzte ezagutzera. Hautatutako sortzaileek euren lanak erakutsiko dituzte, maiatzaren 20tik 22ra bitartean, Areetako Geltokiko Plazan jarriko den 2.500 metro koadroko karpa erraldoian.

Horrela, Getxoartek "garatze bidean diren artistei, euren lanak jendaurrean erakusteko aukera eman nahi die, eta aldi berean, aretoa artista gazteen funtsezko topaleku bihurtu", Getxoko Kultur Etxetik adierazi dutenez. Horrezaz gain, arte plastikoen garapena sustatu nahi du, baita ekoizpen sortzailea ere. Gainera, proiektu anitzei bide emango dieten ikuspuntu zein kode artistiko berrien bilaketa bultzatzea du helburu Getxoartek, "horiek izango baitira arteen etorkizunaren oinarri".

Parte hartzeko baldintzak

Getxoarten parte hartu nahi dutenek 35 urte baino gehiago edo adin hori 2005 urtean betea izan beharko dute. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan jaioak, bertako administrazio auzotasunaren jabe edo EAEko ikasle izan beharko dira.

Hautatuek lanak stand batean erakusteko aukera izango dute, doan. Horrezaz gain, euren eremuko argiztapen eta seinaleztapen zerbitzuak ere doan izango dituzte. Gainera, Getxoartek katalogo zabala argitaratuko du parte hartzen duten artista guztien lanen berri jaso eta modu horretan lan artistikoak jendartera errazago zabaltzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun