Antzerkia berriro ere gizartearentzat eta bertako biztanleentzat beharrezko izan dadila lortzea, hauxe da Ekoma Teatro antzerki taldearen asmo nagusia. Orain dela gutxi sortutako talde honek "euskarazko antzerkia erderazkoa bezain duina, sendoa eta lehiatsua egiten" saiatuko da. Era berean, ikusentzuleekin harreman estuagoa izan nahi du bere arimara heltzeko eta, horretarako, bide berriak deskubritzeko asmoa dute.
"Palaskarra eta bide bat"
Fitxa teknikoa eta artistikoa:
- Zuzendaritza eta antzerkigintza: Arantxa Iurre
- Ekoizpena: Ékoma Teatro
- Aktoreak: Aitor P. Collado, Javier Liñera, Débora Nogales, Iraide Urkiaga, Aitor Villar
Zuzendariaren oharra:
"Egun batean oinazea heldu zen nire bizitzara, jakinarazi gabe eta jausgailurik gabe. Ihesari eman nahi izan nion eta zein bide hartu ez nuen jakin izan. Palaskarra denbora luzez buruan erabili nituen bi hitz horietaz ikasi nuena kontatzen duten tokia da: Bidea eta Oinazea. Oinazea era askotan bizi daitekeela, garen gizakiak ia bezainbeste bizipen dituela ere ikasi nuen. Horrek lasaitu ninduen. Zergatik? Hain bakarrik ez nengoela sentitu nuen."