Hedabide gehienek otsailaren 25ean ospatu zen Euskal Herriko Unibertsitatearen 25. urteurren ekitaldia "fidelki" islatu izana kritikatu dute Leioako campusean elkartu diren ikasle eta irakasle eragileek. Izan ere, euren ustez, "oso gutxi izan dira ospakizun honen inguruan euren desadostasuna edota ahots kritikoa entzunarazi duten komunikabideak". Horren aurrean, "analisi zorrotza" egiteko beharra azpimarratu dute bertan bildurikoek.
"Gizartean izan behar duen lekua du EHUk", lehengo astean Juan Ignacio Perez Iglesias errektoreak esandakoari helduz, unibertsitateko hizkuntza politikek "Euskal Adarra beti bigarren plano batean" uzten dutela salatu du Haritz Aranzabal aipatu erakundeko kideak. Bere ustez, "EHUk euskal gizartean duen lekua eta funtzioa, izan beharko lukeenetik oso urruti geratzen da". Horretaz gain, ikasle presoen kolektiboak jasaten duen "diskriminazioa" gaitzetsi du Gorka Iriartek. Aipatu duenez, "bi urte baitira jada UNEDen bidez ikastea inposatu zutenetik eta aurretik burutzen ari ziren ikasketak bertan behera utzi behar izan dituzte ikasle presoek".
"Unibertsitate poliziala"
"Kontrol eta jazarpen poliziala eguneroko ogia izan dira EHUko campusetan", ikasle eta irakasle eragileek salatu dutenez. Gauzak horrela, 1990ak "mugarri bat" suposatu zuen unibertsitatean euren ustez, "urte horretan sartu baitzen lehenengoz EAEko polizia errepresiboa Leioan, izugarrizko iskanbila sortuz". Azaldu dutenez, "urte horretan, irakaslego propio baten alde borrokan ziarduten 203 irakasle, jipoituak, atxilotuak eta azkenik, kaleratuak izan ziren". Oraindik ere, campusaren ateetan biltzen dira egunero "borrokan" jarraitzen duten bost irakaslek, "euren helburuen zilegitasuna aldarrikatuz".
Baina poliziaren presentzia "itogarria" hasi besterik etzen egin 90ko hamarkadan, aipatu dutenez. Horrela bada, 1994an Errektoretzak Protecsa (egun Ombunds dago) segurtasun enpresa kontratu zuela gogora ekarri dute, "denborarekin espainiako segurtasun indar sekretuekin erlazio zuzena zuela frogatu zena", salatu dutenez. "Honako 'segurtasun indarren' etorrerak ikasleen segurtasun eza areagotu besterik etzuen egin, bideo bigilantziaren inposaketak, politika errepresiboen ildoa aurrera darraiela frogatuz", deitoratu dute hitza hartu dutenek.
Horrekin jarraituz, 2003ko gertaerak ere "gutxiagorako ez" zirela izan aipatu dute. Besteak beste, Egunkariaren alde agertzeagatik 33 ikasle auziperatuak izan zirela eta LOUaren kontrako itxialdia egiteagatik beste 103 ere egoera berean daudela (hauen auzia Madrileko Auzitegi Nazionalean dago) jarri ditu adibide modura. Azken horien izenean hitzegin duen Edurne larrañagak honako galdera luzatu dio Perez errektoreari: "Hau al da UPVk adierazpen askatasunari eginiko ekarpen aberatsa?".
(Informazioa eta argazkia: Gaztesarea.net)