Bai Euskarari Ziurtagiria heldu da Uribe Kostara atzo Kursaalen banatutako ziurtagirien bidez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 4a, 19:56
Kursaal jauregian atzo banatutako 823 Bai Euskarari Ziurtagirien harira, ehundaka pertsona, enpresa eta elkartek erakutsi ahal izango dute ziurtagiria Uribe Kostan, izan ere, euskaldean lan egiten duten enpresez aparte, Uribe Kostako herrietan euskararen kalitate ziurtagiria batu zuten erakundeen bazkideak direnen presentzia handia da. Besteak beste, Eroski kooperatiba, Arbaso artisautza elkartea, Euskadiko Herri Kirol Federakundea, Kulki, "Berria" egunkariaren enpresa-taldea, Bizkaiko albaitariak, Euskal Karate Federazioa, Urtxintza eskola, Zuhar Informatika Zerbitzuak, Artez Euskara Zerbitzua, Euskadiko Irakaskuntzarako Erlijiosoen Federakuntza, Euskadiko Txirrindularitza Federazioa, Euskalerriko Abesbatzen Elkartea, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazioa, EIRE dira Uribe Kostan eragina daukaten kolektiboak.
Ehundaka lagun elkartu ziren atzo Donostiako Kursaal jauregian Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekitaldia egiteko. Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituen, eta dagoeneko 823 enpresa, saltoki eta entitatek eskuratu dute ziurtagiria, eta urtez urte, kopurua handituz doa.

Xabier Euzkitzek eta Izaro Iraetak aurkeztu zuten ekitaldian hainbat hizlarik parte hartu zuen, besteak beste, Ramon Etxezarreta Donostiako Kultura zinegotziak, Jokin Azkuek Eusko Jaurlaritzaren izenean, Rebeka Arraras Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko kideak, Xabier Mendiguren Kontseiluko Idazkari Nagusiak eta Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Aldun Nagusiak.

Euskararekiko guztion konpromisoa behar dela azpimarratu zuten guztiek, eta konpromisoak hartu eta bete egin behar dituztela instituzioek, gizarte eragileek eta norbanakoek.

Karlos Argiñano sukaldaria izan zen ekitaldiko gonbidatu berezia. Bera da Bai Euskarari Ziurtagiria sustatzeko Kontseiluak egin duen iragarkiaren protagonista. Euskaldun izateaz harro dagoela adierazi zuen eta eskerrak eman zizkien han bildutako guztiei.

Ekitaldiaren amaieran Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituzten Kontseiluko Zuzendaritzako kideek. Jose Luis Zumetak ekitaldirako emandako artelan baten lamina eman zitzaion Ziurtagiridun bakoitzari.

Uribe Kostan eragina:

Guk zerbitzua eta lana euskaraz:

- Artez Euskara Zerbitzua Kooperatibak hainbat urtez Leioako Udalean eta BBKko hainbat bulegoetan euskararen normalizazioan egin du lan.

- Egunero, ehundaka hiritarrek jasotzen dute "Berria" Uribe Kostan. Egunkaria egiteko arduratzen dira EKT, Euskal Editorea, Ehuntzen, Iragarri eta Ehuntzen enpresak.

- EIREn Leioako campuseko dozenaka irakasle daude.

Guk zerbitzua euskaraz:

- Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazioan daude Sopelako Ander Deuna ikastola, Leioako Betiko ikastola, Getxoko Azkorri ikastetxea eta Algortako San Nikolas ikastola.

- Kulki, Kultura eta Kirolarako enpresa eskualdeko udalentzat maiz egiten du lan.

- Urtxintxa Eskola-Bizkaiak, besteak beste, Leioan eta Getxon aisialdirako begirale eskolak ematen ditu.

Bidean:

- Arbaso Euskal Herriko Artisautza Tradizionalaren Bizkortzerako Elkarteak hiru bazkide ditu Uribe Kostan: Fernando Agirre Leioako eskultorea, Ana Aldana Urdulizko altzari egilea eta Arinka Erandioko egur tailerra.

- Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak 67 bazkide ditu eskualdean.


- Eroskik hainbat zentru ditu eskualdean: Berangon Hiper bat eta bi Leioan; Bi Eroski Center Leioan, hiru Algortan eta bana Erandion, Getxon eta Areetan; Eroski City bana Erandion, Sopelan eta Urdulizen, bina Gorliz eta Plentzian eta hiru Algortan.

- Euskadiko Herri Kirol Federakundean herri anitzeko hainbat talde daude federatuta.

- Euskadiko Irakaskuntzarako Erlijiosoen Federakuntzaren barnean daude Algortako Santisima trinidad, Areetako Divina pastora, Neguriko Urdaneta haur hezkuntza, Erandioko Jado-Compasion, eta Leioako Askartza Claret, Irlandesas eta Mesedetako Ama ikastetxeak.

- Euskadiko Txirrindularitza Federazioan izena emanda dute Leioako Bide Mendi A.D., Getxoko Amigos Ciclo Las Arenas, Areetako Ciclo Club Santa Ana, Gorlizko Club Mountain Bike Mendibike, Erandioko Txirrindulari Elkartea, Erandioko Goiko Landa C.D., Gorlizko Mendibike Elkartea, Algortako Punta Galea Txirrindulari Elkartea, Leioako Sociedad Ciclista Leioa Irizar, Leioako Sociedad Ciclista Txorierri, Sopelako Sociedad Ciclista Ugeraga, Sociedad Deportiva Gorliz eta Union Ciclista Erandiok.

- Euskalerriko Abesbatzen Elkartean batzen dira eskualdeko Abeslari Lagunen Abesbatza "Zozoak" (Getxo), Abots Alai Abesbatza (Astrabudua), Altzaga Abesbatza (Erandio), Biotz Alai Abesbatza (Getxo), Iraunkor Abesbatza (Plentzia), Irutasun Abesbatza (Algorta), Itxartu Abesbatza (Getxo), Kantika Korala (Leioa), Lirain Abesbatza (Gorliz), Lirain Txiki (Gorliz), Munarri Abesbatza (Getxo), Ondarreta Abesbatza (Getxo), San Juan Bautista Abesbatza (Leioa), Tangorako Soinutarrak (Algorta), Txori Alai Abesbatza (Leioa) eta Uribe-Cantat (Sopela).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun