Leioako metro geltokia eta unibertsitatearen arteko bidea denbora erdian egingo du tranbiak 2010etik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 4a, 21:07

Gaur egun autobusez behar diren 31 minutuen eta oinez dagoen ia ordubeteko ibilbidearen aldean, 12 minutu baino ez ditu beharko tranbiak Leioako metro geltokitik EHUko campusera joateko. Goizean eman dituzte ezagutzera egitasmoaren gaineko xehetasunak, horretarako, Kultur Leioan paratu duten erakusketaren aurkezpenean. Hain zuzen ere, Alvaro Amann Garraio eta Herrilan sailburua, Karmelo Sainz de Maza Leioako alkatea eta Juan Ignacio Perez Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea izan dira horren arduradun. Leioa-EHU tranbiaren lehenengo zatia 28 hilabetetan burutzea espero dute. Amannen arabera 2008an hasiko dira lanak. Hortaz, baliteke 2010eko lehenengo seihilekoan ibiltzen egotea. Orotara, 22.490 mila euroko aurrekontua dute lanek. Gainera, bigarren zati bat ere egitea aurrikusten da Leioa eta Urbinagako metro geltokien artean. Bi geraleku hartuko dituen 1.807 metroko ibilbidearekin, metroko 2. linea eta Renfek Sestao aldean duen garraio anitzetarako gunea lotu nahi dute.

Leioako metro geltokia eta campusaren arteko zatiak 3.862 metroko luzeera izango du eta bederatzi geraleku guztira: Leioa-Metro, Udondoko Boulevarda, Sabino Arana etorbidean bi (Arkupe plaza eta Sakoneta kiroldegia parean, hurrenez hurren), Leioako udaletxea, Sarriena errotonda, Askartza ikastetxea, eta beste bi unibertsitatean (Arte Ederrak eta Kazetaritza fakultatea). Geltoki bakoitzak 30 metroko luzeera izango du –egongo diren bost tranbia-unitateen antzera– eta trenbideak metro batekoa, bi bide egongo direlarik, norabideko bana. 196 lagun (48 eserita eta 148 zutik) hartzeko lekua edukiko du unitate bakoitzak.

Arduradunek adierazi dutenez, gehien jota 30 kilometro orduko abiadura hartuko du tranbiak oinezkoen guneetan, 50 kilometro ordukoa herriguneetan eta, azkenik, 80 kilometro ordukoa herri arteko eremuetan. Hortaz, gutxi gora behera, hamabost minutukoa izango da hasierako eta amaierako geltokien arteko bidaia. Maiztasunari dagokionez, 5 eta 15 minutu artean ibiliko dira tranbiak, dagoen eskaeraren arabera alegia. Baliteke urtean 4.150 mila bidai egitea.

Trazadura

Trazaduraren arabera, Udondoko boulevarda izango denaren erdi-erditik joango da tranbia, Sabino Arana etorbidearekin lotzeko. Azken kale hori oinezkoek, txirrindulariek eta tranbiak erabiltzekoa izango da, automobilen kaltetan. Ondoren, Iparragirre hiribidearen (Avanzada) alboetako galtzada biak nibelean zeharkatuko ditu, Obeliskoaren parean, eta Elexalde kalearen ezkerreko aldetik egingo du aurrera harik eta udaletxea igaro arte. Hor, galtzadaren beste aldera igaroko da tranbia, egingo duten errotonda berriaren bidez, campuserako bidea hartuz.

Unibertsitatean Arte Ederren Fakultatearen eta Errektoregoaren paretik sartuko da. Horra heldu arte, BI-2731 errepidearen paraleloan joango da, horren eskuinaldetik. Jada, campusaren barruan, Apiotar Bidearen urbanizazioa errespetatuko du, neurri handi baten, tranbiaren ibilbideak.

Garraio jasangarria

Leioa udalerriari eta unibertsitateko komunitatea osatzen duten 13.000 lagun ingururi garraio publiko sistema "eraginkorra eta jasangarria" eskaintzea da azpiegitura berri honen helburua, arduradunek adierazi dutenez. "Erabiltzaileengan zuzeneko eragina izateaz gain, tranbiak ekarriko dituen etekinak aipatzekoak dira: auto-istripuen kopurua txikiagoa izango da, oxigeno gutxiago erre eta CO2 kopurua murriztuko da... ", nabarmendu dute. Horretaz gain, "oinezkoek kalea berreskuratzea, auto-pilaketen kostuak gutxitzea eta herrigunean zaratak gutxitzea" lortu nahi dute.

Gaiaren inguruko berriak:

Leioa-EHU tranbiaren proiektua ikusgai egongo da bihartik aurrera Leioako udaletxean (2005 Urt 19)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun