Bere alderdiaren izenean, "sei bonba-autoren kalteak jasan dituzten auzotarrei elkartasuna" adierazi ostean, gaurko kontzentrazioan Getxo udalerriko alkatea ez egotea tamaldu du Luis Almansa Getxoko PSE-EEko bozeramaileak, "honetan ez, baina bonbak jartzen dituzten lagunen manifestazioan parte hartu zuen, nola ez" kritikatu du. Zarraoak ez da herritar guztiak "ordezkatzen" ari, Almansaren hitzetan, "indarkeria jasaten dutenen alboan baino, indarkeriazaleen alde daudenen begiko delako". "Tamalgarria da bonba-autoen kaltetuen alboan ez egotea alkatea. Horrek argi eta garbi adierazten du noren alde dagoen Zarraoa", gaineratu du.
Arrue mozioa gogoan
Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak kontzentrazioa amaitzerakoan egindako adierazpenak ere bide horretan joan dira. Lehenik eta behin, udalerrian izandako 15 erahilketak, sei bonba-autoak, kale-borroka erasoak eta bahiketak ekarri ditu gogora popularren ordezkariak, "Getxo ETAren indarkeriak nahiko kastigatutako udalerria" dela agerian uzteko. "300 metroko inguruan hiru bonba-autok lehertarazi dituzten" Areetako Ondategi eta ondoko kaleetan segurtasuna areagotzeko otsaileko udalbatzan aurkeztutako mozioari buruz ere hitzegin du Arruek: "Egia esan, horren aurka bozkatu zuen Zarraoak eta, hurrengo egunean, etazaleak eta horien aldarrikapenak txalotzen ikusi genuen. Oraindik ere ETAren azken atentatuak etxeetan eragindako kaltean konpontzen ari diren bitartean, ez da zentzuzkoa Ondategikoek euren alkatetzat jotzen duten jokabidea".
Ermuko Foroko kide ere den Gotzone Mora zinegotzi sozialistak, Luis Almansa bere alderdiko buruaren antzera, "Zarraoa biktimekin baino, indarkeriazaleekin" dagoela adierazi du, alkatearen jarrerari "doilorra" iritziz. Ildo horretan, "borreroen ordezkaria baino ez" izatea egotzi dio udal buruari.
Gaiaren inguruko berriak:
Zarraoaren dimisioa eskatzeko "auzokideek" deitutako kontzentrazioaz baliatuko da Ermuko Foroa (2005 Mar 04)
Segurtasun handiagoa eskatzeko elkartuko dira udaletxe aurrean Ondategiko bizilagunak (2005 Mar 02)