Euskarazko komunikabide berri bat sortu da eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 5a, 20:50

Aste honetatik aurrera komunikabide euskaldun berri batetaz gozatu ahal izango dute Uribe Kostako lagunek, Herria euskarazko agerkari digitalak iragan den asteazkenean hasi baitzen albisteak sareratzen. Herria.info Goiz Argi Serbitzuak (sic) SL enpresak kudeatzen du, erdarazko Uribe Kosta Digitala martxan duen enpresaritza-elkarte berbera. Herria.info-k Uribe Kosta Digitalak eskaintzen dituen albisteetako batzuk euskara hutsez ematen ditu. UKBERRIk Herriaren sorrerari berri ona deritzo eta ongi etorria eman nahi dio jaio berri den Herriari. Era berean, Uribe Kostako internautentzat informazio plurala jasotzeko aukerak sendotu direlakoan gaude.

Goiz Argi Serbitzuak SL enpresak zabaldu duenez, bere asmoa "Uribe Kosta Digitala egunkari digitalaren bitartez eskaintzen duen gaztelerazko informazioa osatzea" da. Herria edukinez hornitzeaz enpresak gaur egun daukan lantaldea arduratuko da. Ion Antolin Herriaren zuzendariordeak aipatu duenez “azkenengo hiru urteetan bertoko edukinen tratamenduan eta argitalpenean lortu dugun esperientziarekin argitalpen berri hau zabaltzea erabaki genuen, eskualdearekin, euskal kulturarekin eta euskararekin konpromisoa hartuz”.

Herrian Uribe Kostako berriez gain, "euskal kultura eta hizkuntzarekin zerikusia eta interesa duten informazioak ere sartuko dira". Era berean, zerbitzu osagarriak aurkitu ahal izango dira, trafikoari, zinemari, hotelei, jatetxeei, agenda kulturalari, eguraldiari edota hemerotekari buruzkoak. Zoritxarrez, UKBERRIk konprobatu duenez, edukin horietaz baliatzeko ezinezkoa da Mozilla erabiltzea eta, hortaz, Explorer bezalako nabigatzaileak erabili beharko dituzte interesatuek.

Goiz Argi Serbitzuak SL

Goiz Argi Serbitzuak SL 2002ko ekainaren 6an eratu zen, "berri eta ikuskizunen erredakzio, edizio, banaketa eta emisioa" helburua zuela. Hasieratik enpresak Getxoko Aretxondo kalean izan du bere egoitza soziala. Sozietatea sortzeko jarritako 3.010 eurori beste 5.000 euroko kapital-gehiketa egin zioten 2004ko otsailean. Enpresako administratzaile bakarra 2001eko ekainaren 5ean ukdigitala.com domeinua erregistratu zuen Pia Peñagarikano da. Berriz, ahalduna Ion Fernando Antolin da, herria.info domeinua 2004ko abenduaren 23an erregistratu zuena.

Goiz Argi Serbitzuak SLk Uribe Kosta Digitala eta Herriaz aparte, telebistarako erreportaje eta berriak idatzi eta ekoiztu eta enpresa zein erakundeentzako prentsa-bulegoa ere eskaintzen du bere zerbitzuen artean. Enpresaren fakturazioa 13.254,37 eurokoa izan zen 2002an eta 29.654,42 2003an. Goiz Argik balantze negatiboa aurkeztu zuen urte horretan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun