Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera, arratsaldeko seiak aldera egin zuen deia lekukoak. Kalean bertan, gizonezkoa emakumea kolpatzen atzeman zuela azaldu zuen horrek; baita erasoa zein lekutan izan zen ere (Herrizaingotik zehaztu ez duten arren). Handik minutu gutxira, tokira bertaratu zen Ertzaintzaren patruila-autoa. Heltzerakoan, emakumea espaloian eserita aurkitu zuten polizia agenteek. Adierazitakoaren arabera, zapatarik gabe zegoen eta kolpea zuen eskuineko begian. Bere alboan, neska jotzen jarrai ez zezala gizonari aurre egin zion laguna zegoen.
Erasoa jasandako neskak azaldu zuenez, lehentxeago, eztabaida izan zuen taberna batean bikotekide ohiarekin. Jada, kalean zeudela, aurpegian jo zuen lurrera botaz, eta lagundu zion mutila etorri arte ere kolpatzen jarraitu zuela gaineratu zuen. Horretaz gain, zeramatzan botak kendu zizkion erasotzaileak. Bitartean, inguruko taberna batean zen M.E.L. 39 urteko getxoztarra eta bertara abiatu ziren ertzainek atxilotu eta epailearen aurrera eramateko.