Industrialde berria zabaldu dute Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 8a, 13:50

Axpe industrialdean enpresa txikiak eta ertainak hartuko dituzten bost eraikin inauguratu zituen atzo Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren mendean dagoen Sprilur erakunde publikoak. Bizkaian abian jarriko diren egitasmoetatik garrantzitsuenetarikoen artean dago Erandiokoa. Izan ere, urbanizazio eta industria lanei dagokienez, degradatua zegoen 93.000 metro koadroko ingurunea suspertuko delako eta, bide batez, Metalquimica fabrika bota ostean geratutako lur kutsatuak garbituko direlako. Guztira, 50 enpresa eta 373 behargin bilduko dira bertan.

Erandiokoa inauguratzeko ez ezik, Sprilurrek Barakaldon, Portugaleten, Mallabian, Zaldibarren eta Gizaburuagan gauzatu nahi dituen egitasmoak aurkezteko ere baliatu zuten, atzo, Axpen egindako ekitaldia. Hortan, Iñaki Telletxea Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza sailburuordeak, Anton Zubiaurre Sprilur erakunde publikoko zuzendari nagusiak eta Mikel Arieta-Araunabeña Erandioko alkateak parte hartu zuten, besteak beste. Denera, 175 milioi euro inbertituko dira Bizkaian sei industrialde sustatzeko. Zuzen esanda, 237.000 metro koadro zoru industrial prestatuko dira eta, bertan, 487 enpresa eta 2.758 langile bilduko dira.

Bi enpresei bisita

Horretaz gain, Axpen kokatu diren bi enpresa-egitasmori bisita egin zioten agintariek. Lehenengoa, Transcalor izenekoa, bero-trukagailuak ekoizteaz arduratzen da. Bigarrenari dagokionez, ontzigintzarekin lotutako aktibitateetan jarduten diren sei enpresa ditu Lark Europak; baita galdaragintza aeronautikora zuzendutako beste bat ere. Guztira, 160 lanpostu sortuko dituzte bost urtetan egitasmo biek, arduradunen hitzetan.

Hala ere, Sprilurren jarduna ez da berria. Atzo jakinarazi zutenez 1,8 milioi metro koadro zoru industrial egokitu dituzte azkeneko 10 urteetan, eta 150 milioi eurotik gora inbertitu dituztela. Denera, 442 enpresa batu dira industrialde horietan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun