Birritan atxilotua, 24 ordutan, baimenik gabe eta alkoholdun edarien eraginpean gidatzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 8a, 14:16

Getxo udalerriko auzokide J.T.U. 37 urteko emakumea, birritan atxilotu du Getxoko Udaltzaingoak hogeitalau orduren buruan. Gidatzeko Baimena epaileak erretiratua zuela, martxoaren 4an, ostiralean, Algortako erdigunetik autoa gidatzen ari zela atxilotu zuen Getxoko Udaltzaingoak 11:25ak aldera eta, ondoren, epailearen aurrera eraman zuten epaiketa arinaren eguna zehazteko. Biharamunean, 9:25ean, berriz ere harrapatu zuten autoan zihoala. Atzetik joan eta azkenik Ormaza errotonda parean geldiarazi zuten udaltzainek, eta hantxe bertan atxilotu zuten. Oraingo honetan, gainera, mozkorturik omen zegoen, eta zigorrra betetzea hautsi izana ezezik, Trafikoaren Segurtasunaren aurkako delitua ere egotzi diote. Polizia iturrien arabera, aurrekariak ditu antzeko beste gertaerengatik.

Beste alde batetik, igandean 16:10ak aldera, beste emakume bat atxilotu zuten udaltzainek. M.Y.A.P. 45 urteko Getxoko auzokidea Algortako Etorbidean gurpil bat zulatua zuen Porsche markako autoa alkoholdun edarien eraginpean gidatzen ari zen. Alkoholemia froga egin ziotenean, legeak onartzen duen gehiengoa hirukoiztu egiten zuen, polizia iturrien arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun