Gainera, atzo bertan auzokideekin izan zuten batzarra gaztetxeko kideek, euren egitasmoak, eraikinaren egoera eta bertan burutzen ari diren lanak zuzenean azaltzeko. Aipatu bilera etxez etxe banatutako gutunen bidez deitu zuten Itzubaltzetako kideek. Gazteak konponketa lanetan dabiltza eraikinean sartu zirenetik. Azken egunotan oholtza eta ate berria jarri eta bigarren solairuan egongo den Getxoko Hacklab-eko informatika gelan leihoan jarri dituzte.
Aipatzekoa baita, euria egiten duenean putzuak atera ez daitezen, adreilu, azulejo, teila eta beste hainbat materialetako zatiak botatzen dituzte bertako auzokideek kalean zehar dauden zuloetan. Horrela egin izan dute kristaldegia aurrean eta gaztetxekoak ere sistema hori erabiltzen hasi dira, "Udalak ez duelako pasabidea konpontzen". Hortaz, txindorrez beteta egon ohi da Errekagane, zati batzuetan, baina hondakin hauek ez datoz teilatutik eta, beraz, inolako arriskurik gabekoak dira. Bestalde, haroztegi zaharretik hainbat zarama, egur eta mkineria tona atera dute Itzubaltzeta gaztetzeko kideek, Cespako kamioetan edota horretarako propio alokatutako edukinontzien bidez, azpiegiturak jasaten zuen zama arinduz.
'Skate' pista
Gaur egun Mesedeetako parkinaren alboan dagoen "skate" pista pabilioiak dauden tokira mugitzea eskatu du Getxoko PPk. "Batik-bat errekaren bestaldean Gobela kiroldegi berria zabalduko dutelako laster eta Errekagane kalearen egoera azpiegitura berriekin kontrastea egiten duelako", Marisa Arrue zinegotzi popularraren esanetan.
Berak azaldutakoaren arabera, Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ekipamenduak jartzeko lurratzat hartzen du eremua, "hortaz ez litzateke zaila izan beharko egitasmoa aurrera ateratzea", Arrueren ustez. Hirigintza Batzordeak aintzat hartzen ez badu, eskaera martxoko osoko bilkuran aurkeztuko dutela iragarri du.