Lizarran sortu eta Algortan bizi den Laura Mintegi Lakarrak 1994an argitaratu zuen "Nerea eta biok" eleberri euskalduna. Lan horretan, bi pertsonaia nagusiak oso ezberdinak dira. Alde batetik, Isabel unibertsitateko irakaslea ama da, 42 urtetakoa eta bere senarrarengandik banandu da. Beste aldetik, Nerea ETAko kide gaztea da eta Pariseko presondegi batean kartzelaratuta dago. Biak batzen dituen elementua literatura da, Isabelek unibertsitatean irakasten duen ikasgaia eta Nereak ziegatik jarraitzen duena. Egoera horretan, gutun harremana izango dute bi emakumeek. Hasieran literatura hutsez baina pixkanaka-pixkanaka sentimenduak, politika, hausnarketa soziala... lerroetan beren lekua hartuko dute. Orain, liburua itzuli duen Linda White Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketetarako Zentruko irakasleari esker, Nereak eta Isabelek ingelesez idatziko diote elkarri, euskal emakumeei buruzko hainbat kontu mundura zabalduz.
Linda Whitek sarrera luzea erantsi dio liburuari. Bertan, eleberriko istorioaren egoera soziopolitikoa eta emakumeek euskal abertzaletasunaren aldeko mugimenduan izan duten parte-hartzea aztertu ditu.
"Nerea and I" Peter Lang Press argitaletxeak kaleratutako Currents in Comparative Romance Languages and Literatures bildumako 142. liburua da, eta www.peterlang.com webgunean eros daiteke, liburu-denda (bookshop) atalean klikatuta.
Whitek Euskal Herriari buruzko hainbat liburu eta lan itzultzeaz gain, bere ikerketa propioak ere egin ditu. Berak azaldu duenez orain burutzen ari den ikerketetan eragina handia izan du "Nerea eta biok" Mintegiren lanak. Izan ere, "euskal emakumeengan abertzaletasunak duen eragina" zeukan intereseko gaia. Era berean, emakume idazle berrien euskarazko eleberrigintza eta gaztelaniaz idazten duten euskal emakumeak ere badira berarentzat interesgarriak, bertsolaritza, "ahozko literatura", bezala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.