Frantzian dauden 57 presok EHUn egindako matrikula aztertuko du Espainiako Gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 9a, 15:27

Frantzian espetxeratuta dauden Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) 57 kidek egingo dituzte ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean, unibertsitateko iturriek atzo jakinarazitakoaren arabera. Espainiako Gobernuak preso horien matrikulazioa legezkoa den ala ez "zehatz-mehatz" aztertuko duela adierazi zuen, horren berri izan eta gutxira, Juan Fernando Lopez Aguilar Justizia ministroak. Indarrean dagoen araudia betetzen ez duen ekimen oro galaraziko dutela esan zuen Agilarrek eta EHUren aurkako neurriak hartzea ez zuen baztertu. Dena den, ministroaren hitzak ezagutu baino lehenago ere, UNEDen soilik ikasteko murrizketak Espainiatik kanpo dauden presoengan ez duela eraginik argi utzi nahi izan zuten unibertsitateko arduradunek. Bitartean, azalpenak eskatuko dizkio Espainiako Gobernuari PPk.

2004ko urriaren 28an EHUko Gobernu-kontseiluak aho batez onartutako "espetxeetan dauden pertsonen arretarako protokoloari esker" izan dute matrikulatzeko aukera EPPKko 57 kidek, unibertsitatetik baieztatu dutenez. Izan ere, Espainian hitzartuta ez badago ere, beste herrialde batzuetan dauden presoentzat martxan dago. EHUtik adierazi dutenez, presoei Urrutiko Unibertsitatean ikastea baino ez dien uzten neurria Espainiako Espetxeen Lege Orokorrean PPren Gobernuak egindako aldaketa da. Beraz, Frantzian espetxeratuta daudenengan ez dauka eraginik.

Protokoloa onartu zenean ere, Espainiako Gobernuaren menpeko Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzak eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak (CRUE) presoen ikasketak arautzeko hitzarmen markoa sinatu bitartean horrek ez zuela eraginik izango argitu zuen EHUk. Hain zuzen ere, aipatu akordioa lortzeko horrenbeste denbora igarotzeak aipatu erakundeek kritikak eragin ditu behin baino gehiagotan. Hainbat izan dira, Espainiako erakundeei "behingoz ikasle presoen egoera konpon dadila" eskatzeko, Jose Ignacio Perez Iglesias buru den Gobernu-kontseiluari galdegin dioten unibertsitateko ikasle, irakasle eta langile eragileak.

'Mikel Antza' omen da ikasleetako bat

Ikasketak egiteko izena eman dutenetatik 29 preso fakultateetan matrikulatu dira eta beste 28, 25 urtez gorakoentzat Unibertsitaterako sarbide-proban. Izena eman dutenen artean, Mikel Albisu 'Mikel Antza', ETAko ustezko azken buruzagia eta Soledad Iparragirre bere bikotekidea daude, EiTB24.comek adierazitakoaren arabera. Hala ere, Europa Pressek atzo aipatu zuenez, izenik ez zuen eman EHUk, "espediente-akademikoen gaineko daturik ez duelako ematen erakundeak".

PPk azalpen eske

Ana Torme Kongresuan Talde Popularreko bozeramaileak iragarri du bere alderdiak azalpenak eskatuko dizkiola Gobernu espainiarrari. Tormeren aburuz, ETAko presoen matrikulatzeak "uzkurdura" sortzen du Espainiako gizartean eta "kezka sakona" Euskadiko gizartean. Horrelako "permitibitatearekin" ETAko presoei ematen dizkieten "pribilegioak" talde armatuarentzat "oxigeno-baloiak" direla gaineratu du.

Gaiaren inguruko berriak:

Presoak EHUn ikastea ahalbidetzeko behingoz pausuak emateko eskatu dute 422 irakaslek (2005 Urt 31)

ETAko presoek EHUn ikasteko "pribilegiorik ez izatea" nahi du Getxoko PPk (2004 Aza 25)

Presoek EHUn ikasteko protokoloa onartu dute (2004 Urr 29)

Presoen ikasteko eskubidea aldarrikatu du Etxeratek Leioako EHUko campusean (2004 Ira 23)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun