Erandioztarrak tartean, lau lagun atxilotu dituzte Mungian tona bat metalezko osagai lapurtzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 9a, 17:55

Erandion eta Sestaon bizi diren 19 eta 20 urteko bi gizon eta 36 eta 43 urteko bi emakume atxilotu zituen atzo Mungian Ertzaintzak, bertoko industri-pabilioi batean lapurtzea leporatuta. Arratsaldeko lauak aldera jaso zuen deia polizia autonomikoak, aipatu udalerriko Zabalondo auzoko enpresa barruan hainbat lagun zeudela ohartaraziz. Minutu gutxira bertaratu zen patruila-autoko agenteek furgoneta bat geldiarazi zuten, lantegitik ihesean zioala. Ibilgailu barruan zortzi pertsona aurkitu zituzten ertzainek, horietatik bi adin txikikoak. Baita mila kilo metalezko osagai (hodiak, kuprezko bobinak, altzairu herdolezinezko xaflak...), antza, industri-pabiliotik ebatsitakoak. Ertzaintzaren arabera, 3.000 euroko balioa daukate gaiek.

Lantegiko atetzarra indarrez irekia izan zela ikusita, furgonetan zihoazen zortzi lagunetatik lau atxilotu eta ertzain-etxera eraman zituzten polizia agenteek. Beste biri ondarearen aurkako delitua egozten. Hain zuzen ere, horien ardurapean geratu ziren adin txikikoak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun