Kontseiluak Korrika 14n parte hartzera deitu ditu herritarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 9a, 22:23

Kontseiluak Orreagan ostegunean hasiko den Korrika 14n parte hartzera deitu ditu herritarrak, eta "pozik" ikusi du gero eta herritar gehiagok parte hartzen duela ekitaldi horretan. "Positiboa da ekimen horrek duen arrakasta eta oihartzuna", nabarmendu du. Aldi berean, horrenbeste urtetan helduen euskalduntze eta alfabetatzearen arloan AEK egiten ari den lan ona azpimarratu du. Izan ere, Kontseiluko iturriek adierazi dutenez, Euskal Herria euskalduntzea hizkuntzaren geroa ziurtatzea da, "eta helburu horri eutsi egin behar diogu orain arte egin den lana mantentzeko eta indartzeko".

Kontseiluak nabarmendu du Korrikaren aurtengo leloa (Euskal Herria euskalduntzen, ni ere bai!) bat datorrela Kontseiluak aurretik abian jarritako beste batekin: "Hizkuntz eskubideak! Denon konpromisoa". "Herritar soilari, norbanakoari euskararekiko konpromisoa -euskara ikasteko konpromisoa kasu honetan- eskatzeko garaia da; norbanakoak ere bere lekutik urratsak eman behar ditu euskararen normalizazioaren bidean", gaineratu du.

Modu honetan, Kontseiluak bat egin du Korrika 14rekin eta euskara ikastera animatu ditu oraindik urrats hori eman ez duten herritarrak. Horrez gainera, eguneroko bizitzako arlo gehiagotan euskara erabiltzeko konpromisoa har dezatela gomendatu die, ezinbestekoa baita euskaren geroa ziurtatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun