Larunbateko elkarretaratzean izan zen "auzotarren parte-hartze eskasagatik pozik" agertu da Zarraoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 9a, 23:33

Bere dimisioa eskatzeko larunbatean udaletxe aurrean egindako kontzentrazioan, Areetako Ondategi eta inguruko kaleetako auzotarren "parte hartze nabarmenik" egon ez izanari, "oso baikor" iritzi dio asteazken honetako prentsaurrekoan Iñaki Zarraoa alkateak. "Hainbat hedabideetan eman zitzaion oihartzunaren ondoren, eskerrak Getxoko PSE-EE eta PPko ordezkariak, Ermuko Foroko kideak eta kanpotik etorritako hainbat egon zirela, bestela... Deialdiak izan zuen harrera kontutan hartuta, bertan egon ziren zinegotziek hobe lukete eurek dimititzea", adierazi du udal buruak. Elkarretaratzean egondako jende kopuruaren inguruan, zenbait komunikabidek plazaratutakoa "gezurtzat" jo du Zarraoak. Bere hitzetan, "80 pertsona inguru baino ez ziren egon, Udaltzaingoko iturrien arabera". Halaber, Luis Almansa Getxoko sozialisten bozeramailea bertan egon izanagatik "harrituta" dagoela aitortu du alkateak.

Haserre bizian erantzun dio Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak El Mundo egunkariko kazetariari, horrek larunbateko kontzentrazioaren balorazioa egiteko eskatu dionean. "Balorazio nahikoa egin zenuen zuk egun horretan, udaletxe aurrean berrehun bat pertsona egon zirela aipatu zenuenean. Hurrengoan egia esan ezazu!", bota dio. Izan ere, elkarretaratzeari eman zioten oihartzun "neurrigabearekin" batera, gezurra esatea egotzi die hainbat hedabideei udal arduradunak.

Redondo gogoan

Bertan egon ziren zinegotziei dagokionez, Gotzone Mora PSE-EEko ordezkariaren presentziak harritu ez ziola adierazi du Zarraoak, "batik-bat beste aldean (PPkoei buruz) kokatzen dudalako jada". Hala ere, bere kezka agertu du Luis Almansa sozialisten bozeramaileak bere dimisioa eskatzeko kontzentrazioan egon zelako. "Morak Ondategiko atentatuaren hurrengo eguneko elkarretaratzean izandako jarrera –udal gobernuko kideak eta alkatea bera iraindu zituen– gaitzetsi egin zuen bere garaian Almansak. Dena den, antzinean horrek izandako jokabidea gogoratuz, Nicolas Redondo buru belarri jarraitu izana...", azaldu du udal agintariak.

Giza eskubideen defentsa

Nahiz eta horien jarrera "zilegia" iruditu, giza eskubideen urraketa "segun zein aldetik datorren" gaitzesten dutenen jokabidea kritikatu du Zarraoak. "Alde batetik zein bestetik izan, giza eskubideak urratzen diren bakoitzean aurka egongo naiz, egurra jaso arren", azaldu du. Horren harira, Ondategiko atentatua gaitzesteko elkarretaratzean, 18/98 eta ondoko sumarioengatik auziperatuen aldeko manifestazioan eta Elkarrik joan den larunbatean Bilboko Arriaga antzokian deitutako kontzentrazioan egon zela adierazi du alkateak. Azken horretan, ETAk eragindako biktimei elkartasuna adieraztea eta Batasuna berriro ere legeztatzea eskatzen zen, hurrenez hurren.

Gaiaren inguruko berriak:

Almansak ere parte hartu du Zarraoaren dimisioa eskatzeko kontzentrazioan (2005 Mar 05)

Zarraoaren dimisioa eskatzeko "auzokideek" deitutako kontzentrazioaz baliatuko da Ermuko Foroa (2005 Mar 04)

Segurtasun handiagoa eskatzeko elkartuko dira udaletxe aurrean Ondategiko bizilagunak (2005 Mar 02)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun