Korrikaren hasiera zuzenean emango du Koska irratiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 10a, 18:52

Gaur arratsaldean abiatuko da Korrika 14 Orreagatik, zazpi herrialdeak zeharkatu ondoren Bilbora iristeko martxoaren 20an. Irteera arratsaldeko 18:30ean izango da eta, horri helduz, Euskal Herri osoko 21 irratik aldi bereko emankizuna eskainiko dute, Arrosa irratien elkarlanerako zentruak horrela akalbideratuta. Besteak beste, Antxeta irratia, Gure irratia, Xiberoko Botza eta Irulegi irratiko lagunak arituko dira Orreagatik bertatik 18:10ean hasi eta 19:00etan bukatuko den irratsaioan. Arrosaren ekimenez, beste 16 emisoretan aldi berean entzun ahal izango da saio berbera, Euskal Herriko hainbat txokotan hamalaugarren Korrikaren hasierako urratsetan gertatuko denaren berri zuzen zuzenean jasoz. Uribe Kosta eskualdeari dagokionez Koska irratiak (108,0 FM) hurreratuko gaitu Orreagara.

Lehen aipatutako 21 irratiatiez gain –aldi berean emitituko dutenak– Bilbo Hiriak ere saio bera eskainiko du, baina ordu bete beranduago, alegia 19:00etatik aurrera. Aurretik ere oraingo honen tankerako saio komunak egin izan ditu Arrosak hainbat ekitaldiren inguruan: Korrika 13, Herri Urrats, Berriaren aurkezpena. Baina irratien arteko elkarlana ez da horretara mugatu, bere kideek aipatzen dutenez. Aldikako saio hauetaz gain eguneroko jardunean elkarlanean aritzea da euren helburu nagusia.

Arrosak lau urte

Arrosa, irratien arteko elkarlanerako sortua, 2001eko udaberrian abiatu zen. Hortaz, lau urte beteko ditu laster egitasmoak. "Asmo nagusia zena mantentzen dugu gaurdaino, Euskal Herri osoan barreiatzen garen hainbat irration arteko elkarlana sustatzea, bereziki maila lokalean edo ertainean aritzen garenona", aitortzen dute Arrosako kideek.

Elkarlan hori bideratzeko zerbitzaria da tresna nagusia. Berari esker zenbait irratiren artean euren eguneroko jardunean hainbat irratsaio, elkarrizketa, soinu dei... elkartrukatzen dituzte. Zerbitzari hori erabili ahal izateko irratiek hainbat egokitzapen teknologiko egin behar izan dituzte eta une honetan 13 irrati ari dira elkartruke horretan. Elkarlanerako modurik eraginkorrena hori izanik, asmoa eta nahia beti ere irrati zerbitzarira lotutakoen zerrenda luzatzea da. Epe motz edo erdira irrati gehiago lotzea aurreikusten dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun