"HAPO aldatuz, Lamiakoko garapena burutu nahi dugu etxebizitza bloke guztiak itxura berbera izan dezaten", azaldu du Sainz de la Mazak. "Guardia Zibilaren etxea" deritzon eraikin erdiaren jabea da Leioako Udala. Bertan udal ekipamendu ugari dago. Beste erdia, berriz, hiru familietako etxeek eta gizarte eta ekonomia hainbat jarduetarako lokalek osatzen dute. Azken horiek ere tokiz aldatuko dituzte.
San Bartolomen bi eraikin
Ez da lehenengo aldia Leioako auzo bakoitzean aplikatu beharreko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) aldaketarik egiten dena. Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko onetsi zuen, orain dela gutxi, Leioako Udalak San Bartolome historikoa izeneko eremurako proposatutako aldaketa. Izan ere, erakunde horren oneritzia behar zuen tokiko erakundeak Bizkaia Zaharren Egoitza eta Oblatuen Eliza etxebizitza eraikin banarekin ordezkatzeko.
Gehienez 40 pisu eta aparkalekua izango ditu bakoitzak, eta dagoen etxeen antzeko tipologia ere bai. Horretaz gain, hirigintzako eragiketa horri esker, oinezkoentzako ibilbidea egin ahal izango da Loretegi multzoaren aurrean dagoen gaur egungo plaza eta baseliza eta San Bartolome Auzo Etxea dagoen parkearen artean. Auzotarrek hainbeste estimatzen duten gune berezi horren azalera bi mila metro koadro baino gehiagoan handituko da, herritarrek erabiltzeko urbanizatuko dena. Era berean, Kultur Aretoa hartzen duen eraikina birmoldatu eta handitzea ere pentsatu da. Halaber, karrejoa berriro kokatu eta berreraikitzea ere proposatu da. Azkenik, beste eliza bat eraikitzeko beharrezko lurzorua gordetzea ere pentsatu du Udalak.