Martín Mateos jauna Bilboko Unibertsitateko azken errektorea izan zen. Gizon honek bide berriak zabaldu eta zaharkituta zeuden gobernu-organuen berritzeari ekin zion, organu horiek Villar-Palasí-ren Ley General de Educación frankistaren araberakoak ziren-eta. Ikasle, Irakasle ez numerario eta AZPko langileen laguntzarekin, euskal unibertsitate demokratiko eta parte hartzailearen oinarriak finkatzeko prozesu konstituziogilea jarri zuen martxan. Garai hartan bizi izan ziren eta 800 partaidek osatutako Klaustro paritarioak, eta ordukoak izan ziren, baita ere, euskal unibertsitateak inoiz ezagutu dituen eztabaida zabal eta sakonenak.
Gregorio Monreal izan zen UPVren lehen errektorea. Aurrekoaren ikasle aurreratua izaki, hark eratutako guztia desegiten joan zen ordea, euskal errealitate unibertsitarioa Madrilen aginduetara egokitzen saiatuz. Hain zuzen ere, UPVren lehen estatutuak Madrilgo LRUren irizpideei jarraikiz idaztea izan zen Monrealek burututako lana.
Emilio Barberá, errektore teknokratatzat izan dezakegu. Aurrekontuen gorakada nabarmenaz baliatuz, UPV teknikoki gaurkotzeko lanari ekin zion, azpiegiturak, ikerketa planak
garatuz. Nolanahi ere, ezin izan zuen modernizazio politikoa paraleloki bilakatu, Madrilek ez baitzion utzi. Irakasle lagunen mugimendu zabalari aurre egin zion, garaitua izan zen eta ondorioz, 1991ean, dimisioa aurkeztu zuen.
Errektore poliziak
Ondoren, J.J. Goiriena de Gandarias, Pello Salaburu eta Manu Monterok osatutako triunbirato errepresiboa, edo errektore polizien txanda etorri zen. Hauen agintepean UPV militartu egin zen. Polizia politikoaren lana betetzen zuten zinpeko guardiak kontratatu ziren; irakasleak despeditu ziren; polizia hainbat aldiz sartu zen unibertsitatean; ETAren biktimen aldeko ekintzak eta omenaldiak burutu eta bide batez abertzaleak jazarri eta kriminalizatu egin ziren. Kritikarik txikiena adierazten zutenak zigortuz, benetako terrorea ezarri zuten unibertsitate publikoan. Unibertsitatea erabat burokratizatu zen, eta horrekin batera instituzioak alor kulturalean, zientifikoan eta harremanetan mailarik baxuena ezagutu zuen hiru errektore hauen agintaldietan.
Azkenik, J. I. Perez Iglesias errektorea PNVren irizpideak unibertsitatean gauzatzen saiatzen ari da. Dena dela, daraman urte bakarrean bere betebeharrik handiena aurreko errektoreek, batez ere Monterok, utzitako defizit ekonomikoa gutxitzea izan da: besteak beste, zerbitzu juridikoek, zinpeko guardiek, seguritateak oro har, eta soldata-gehigarriek eragindakoa. Une honetan, aldaketa politikoek sistema juridikoan izan dezaketen eraginen zain dagoela dirudi, euskal gizartearen zerbitzura egon beharko lukeen unibertsitatearen gaineko hausnarketa egiteko.