Oraingoan omendua Andolin Eguzkitza izango da, eta berarekin batera euskara ikasten eta herrian zehar gure hizkuntza zabaltzen ibili diren hainbat euskaldun, euren enpeinuari eta gau eskola, euskaltegi eta ikastolei esker kultur errealitate berri bat (Euskal Herri euskalduna) posible egiten ari direnak. Garrantzitsuak dira euskalduntzen ari diren guztiak, baina bereziki garrantzitsuak gazte edo helduaroan euskaldundu diren horiek, belaunaldi gazteenekiko hizkuntzaren trasmisioa ziurtatzen dutelako.
Euskaldun horiek euren denboratik eta euren poltsikotik asko jarri dutela esan behar da eta herriak bere esker ona agertu die behin baino gehiagotan. Baina ezin da gauza bera esan geure lurraldeko gobernu txepel horietaz: Iparraldean ofizialki euskararen arloa ez da ia esistitzen; Nafarroan euskara apartheid (Napartheid) egoera batean aurkitzen da, bertako gobernua bere hizkuntzaren kontra ari den Europako gobernu bakarra izanik; Euskal Autonomi erkidegoan onarpen antzeko bat badago, baina ezin liteke esan helduen euskalduntzea bultzatzen dabiltzanik, diru-murrizketek eta eskaintzak hobetzeko gogorik ezak arlo hori serio hartzen ez dutela erakutsirik .
Hiaren babesa
Bitartean KORRIKA 14 Euskal Herrian zehar ari da, eta herriak ematen dio behar duen beroa eta babesa. Korrika herriak sortu du, herriak bultzatzen du eta aurrerantzean (epe batean behintzat gauzak lar aldatzen ez badira) herria izango du bultzatzaile eta babesle bakarra. Herria egunetik egunera euskara zabalduz ari da Euskal Herriko zazpi herrialdeetan, inguru euskaldunetan euskarak bere estatusa mantentzen saiatuz, eta herri erdaldunetan bizitza euskaraz egiteko gune gero eta zabalagoak sortuz. Hori guztia inork egiten badu herriak egiten du, baina gure politikari eta gobernu txepelek gehienetan euren esker ona agertu barik egundoko mezpretxua agertzen dio, eta zenbait kasutan susmopean jarri gura gaituzte munduaren aurrean. Horra hor gobernuak herrien ordezkariak direlako hori ezeztatzen duen froga bat.
Bitartean euskal herritarrok euskaren aldeko kilometroak egiteari ekingo diogu, eta gure herrietako gau eskola, euskaltegi eta ikastoletan euskara zabaltzen ariko gara etengabe. Aurten helduaroan euskaldundu direnak omendu gura ditugu, baina lerro hauetan nik helduaroan euskaldundu eta euskalduntzen ari diren horiek zein umearoan heziketa euskaraz jasotzen ari diren horiek omendu gura nituzke, bereziki herri erdaldunetan enpeinu horretan ari direnak, herrian utopia bat errealitate bihurtuko dutenak. Gure gobernari txepelek diotena diotela, guk aurrera egingo dugu Maule eta Balmaseda, Baigorri eta Getxo, Baiona eta Bilbo... lotuko dituen errelitate kultural berri baten eraikuntzan, eta errealitate utopiko hori errealitate erreal bihurtuko dugu, Xabier Amurizak bertso batean dioen legez, gaur neguan dugun herri honen udaberrian.