Amerikako indiarrak Euskal Herrira begira - Xabier Kintana / euskaltzaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 14a, 11:12

Cristobal Colon hara heldu baino lehenago, hango jendeak 20 mila urte baino gehiago zeraman han bizitzen. Kontinente hori, beraz, haien asaba zaharrek aspaldian aurkitua zuten, eta ez handik azken orduan agerturiko europar inozo haiek. Kultura eta zibilizazio ez txikiak garatuak zituzten bai iparraldean eta bai hegoaldean aztekek, maiek eta inkek, ezagunenak aipatzearren, lehen espainolak hara heldu zirenerako.

Halere, hirigintza eta edertasun harrigarri horiez errepetuz eta miresmenez berba egin beharrean, eskolako maisu erdaldunek behin eta berriro errepikatzen ziguten “guk geure hizkuntza irakatsi genien”, haien urrea eta zilarra eskubeteka lapurtzen ibilitako espainolak hara joan baino lehen Machu Pichu, Mexiko edo Yukatango eraikinak altxatu zituzten jendeak mutuak izan balira bezala. Eta ez zegokeen txarto erdaldunek bertakoei erdara ERE irakatsi balie, aldi berean eskolatik indiarren hizkuntza propioak baztertu ez balituzte. Gaur egun ere itxurazko independentziaren gora-behera, Amerikako indiarren egoera negargarria da: antzinako kolono inperialisten seme-alaben menpeko izaten segitzen dute. Estatu sortu berrien balio kulturalak, bertakoak barik, behialako metropoliarenak dira: hizkuntza, erlijioa, ohiturak, legeak, jantziak, kantak... hangoei lumak eta folklore hutsa utzirik.

Baina aspaldiko urteotan gauzak aldatzen ari dira. Indigenak bertako agintarien neokolonialismo horren aurka errebelatzen hasi dira, eta beren balio propioak aldarrikatzen dituzte. Leku batzuetan (Peru, Bolivia...) indiarrek populazioaren gehiengoa osatzen dute, eta hauteskundeetan beren ahotsaren pisua gero eta nabarmenagoa da. Egiten duten lehen eskaria lurraren banaketa bada, bigarrena hizkuntzarena eta kultura propioarena izaten da.

Hego Amerikan inken ondorengoak, kitxuak, hamar milioi baino gehiago dira, eta beren mintzaira zaharra bizirik gordetzen dute, ondo harro gainera, eta aspaldion eskolara eramaten saiatzen dira.

Aurtengo otsailean 11 nazionalitate indigenak lan-mintegi bat antolatu dute bertako hizkuntzen akademia eratu, beren mintzairak batu eta era horretara irakaskuntzan sartu eta bultzatzeko. UNESCOk laguntza eman die, eta bertan lan egiten duen Hektor Mencheroren eraginez, Getxoko semea berau, euskararen batasunaren berri jakiteko era izan dute. Horretarako, Euskaltzaindira eskaria egin eta Akademiaren idazkariak eskaini zuen bere burua nahi zuten informazio hori emateko. Amazoniaraino joanda, han, otsailaren 14tik 17ra, 30 indiar ordezkariekin biltzeko ohore paregabea izan zuen, euskaldunok euskara batuarekin izandako esperientzia azalduz. Guztiak maisu, maistra eta irakaskuntza-arduradunak ziren. Pozgarria izan zen haien artean zer nolako kezka, interes eta helburu-kidetasun nabarmena zegoen ikustea.

Gogora dezagun orain dela hogeita hamar bat urte euskaldunok Israeleraino abiatu ginela han gure hizkuntza irakasteko metodologia berriak ikasteko asmoz. Oraingoan Amerikako jatorrizko biztanleek guregana jo dute, gugandik ikasteko. Inorekin zordun izandakook nola esango genien ezetz ba!

Segi dezatela, nahi badute, erdaldunek harrokeriaz esaten “gure hizkuntza irakatsi genien”, baina euskaldunok, honela erantzun geniezaieke harrotasun handiagoz: “guk, aldiz, beren hizkuntza lantzen irakatsi diegu”.

Argazkia: Loreto herrian. Ekuadorko Amazonian. X.Kintana bertako xaman biren artean, hizkuntzalaritza-mintegiaren azken egunean, agur gisa herri-kulturaz egindako ekitaldian
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun