Eskualdeko lagun guztientzako dago zabalik 'Lur Barriak' enpresa-ekimen sariketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 14a, 19:50

Bermeoalde, Mungialde eta Txorierriko Behargintza zentroekin batera, "Lur Barriak" enpresa-ekimenen sariketako hirugarren deialdia antolatu dute Erandio, Getxo, Leioa eta Uribe Kostako enplegu eta garapen ekonomikorako tokiko erakundeek. Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz hartzen ditu azken horrek. BBK Gazte Lanbidean, Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskal Udalerrien Elkarteak (Eudel) dira ekimenaren laguntzaileak. Bere helburua, zentro bakoitzaren jarduera-eremuko udalerrietan enpresa-kultura bultzatzea da. Aurkeztutako egitasmoak baloratzeko zenbait irizpide erabiliko dira: proiektu berritzailea izatea; enpresaren jarduerak kanpora begira duen proiekzioa eta enpresa hedatzeko aurreikuspenak; sortutako lanpostu kopurua; inbertsio bolumena; enrpesaren kokalekua; eta emakumeen kopurua enpresan. Eskaria aurkezteko epea ekainaren 15eko 12:00etan amaituko da.

2004ko ekainaren 15 eta 2005ko ekainaren 14 artean Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta eman duten enpresa berriak aurkez daitezke lehiaketara, baina enpresa sortu duten bazkideetako batek, gutxienez, honako baldintza betetzen badu: hitzarmena sinatu duten Behargintzen udalerrietako batean erroldatuta egon behar du, edo bestela, enpresak udalerri horietako batean izan behar du egoitza.

Sariak

Lehiaketaren irabazleak 6.000 euro esku-dirutan eta 3.000 euro 'Berria' egunkariko publizitatean eramango ditu, sortutako enpresa ezagutzera emateko (lehenengo urtearen barruan). Gainera, sariketa antolatu duten Behargintza zentroek eskualdeko sariak emango dituzte, eskualdeko bana. Horrela, eskualde mailako zazpi sari emango dira, bakoitza 2.500 eurokoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun