Autoa lapurtu eta jabeari mehatxuak egiteagatik atxilotu zuten atzo Bilbon Sopelako bizilaguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 14a, 20:35

Sopelako bizilaguna den RD.A.P. 21 urteko gaztea atxilotu zuen atzo arratsaldeko lehen orduetan Ertzaintzak, ibilgailua lapurtu eta horren jabeari mehatxu egitea leporatuta. Polizia iturriek gaur jakinarazi dutenez, horretarako erabili zuen aiztoa aldean zeramala harrapatu zuten mutila.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera, atxiloketa baino lehenago, Jata Mendia kalean aparkatzen ari zela atzeman zuen ustezko lapurra autoaren jabeak. Horrengana hurbildu eta kotxea berarena zela esan eta berehala kolpeka hasi zitzaion jabeari bestea. Aizto handi batekin mehatxatu ere egin zuen, polizia iturrien arabera. Gertatzen ari zela ikusita, hainbat lagun hurbildu ziren eurengana liskarrari amaiera emateko eta, eskuetatik ganibeta kendu zioten arren, ihes egitea lortu zuen erasotzaileak.

Lapurra harrapatzeko ingurua miatzen hasi ziren bertaratutako ertzainek, eta handik gutxira, susmagarriaren antza zuen pertsona bat atzeman zuten. RD.A.P. 21 urteko ekuatoriar gaztea identifikatu eta, hainbat egiaztapen eta gero, atxilotu egin zuten, ibilgailua lapurtzea eta arma zuriarekin mehatxua egitea egotzita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun