Tokitik metro gutxira bizi omen dira herrian autoa aparkatzen duten gehienak, Ricardo Ibarrak kritikatu duenez. "Haien aparkaleku pribatuetan utzi beharrean, hurbilago daukaten espaloian aparkatzen dute kotxea. Horrek urrunago bizi direnen eta erdialdean kotxea utzi behar dutenen kalterako baino ez da", aipatzen du udal bozeramaileak.
Aipatu trafiko ordenantzaren bidez, jendeak debekatutako lekuetan edo trafikoa zailtzen duten tokietan aparkatzea saihestu nahi dute Sopelako Udaletik. "Aukerak eman gabe debekatzea askotan eraginkorra ez dela badakigu. Horren harira, zonalde ezberdinetan aparkaleku berriak zabaltzea da asmoa", azaldu du Ibarrak.
Sentsibilizazio kanpaina
Beste alde batetik, gai honen inguruan sentsibilizazio kanpaina bat aurrera eramatea kontsideratzen ari dira, "gehienok askotan kotxea arrazoirik gabe erabiltzen dugula uste dugulako eta 300 metro ibiltzea guztiz osasuntsua delako, udal arduradunaren hitzetan.
Sopelan egoten diren aparkatzeko arazoak konpontzeko asmoz, trafiko ordenantza berria onartzea proposatuko dio udalbatzari Tokiko Gobernu Batzordeak (EAJko zinegotziek osatuta), datorren martxoaren 23an egingo den osoko bilkuran. Ricardo Ibarra udal bozeramailearen hitzetan, "aparkalekuen eskasia arazo larria bilakatzen ari da herrian eta, guztion laguntzarekin, neurri garrantzitsuak hartu behar dira. Metro geltokietatik hurbil, Lizarre auzoan (Sopela), Urkorako bidean (Larrabasterra) eta San Pedroko elizaren alboan, guztira, kotxea utzi ahal izateko 200 toki gehiago eskaintzea aurrikusten dute, modu egokian seinaleztatuta. Aurrerago beste leku batzuetan ere jartzea ez dute baztertzen. Azkenik, datorren udatik aurrera, gaizki aparkatzen duten kotxeak kaletik kentzeko garabia erabiltzen hastea aztertzen ari dira.