Euskara oso ondo dago gauza batzuetarako, baina gainerakoan hobe dago txoko batean. Zer leku dauka gure hizkuntza zaharrak erakusketa-areto erraldoien, honezkero elkarrekin korapilatzen hasiak diren errepide-sare modernoen, museo superfashion-en eta altzari denda ahalguztidunen Euzkadi global honetan? Guk progresoa behar dugu, ekonomia -batez ere batzuena- haztea, eta halakoak. Unibertsalak izan behar dugu, eta euskarak ez du lekurik unibertsoan.
EAEko irakasle batzuek itxialdia hasi dute euren lanpostua galtzeko zorian egon litezkeelako nik, ikusi are, ez dut sinestuko-, euskara ez jakitearren. Zenbait komunikabide arineketan joan dira haiengana, bozgorailua eskaintzera. Euren eskubideak ez zanpatzeko, mesedez, hamaika itxialdi egin dituzten euskaldunentzako isilik egoten diren bozgorailu berberak. Bitartean, umeek erdara hutsez ikasteko eskubidea daukatela aldarrikatzen dute alderdi politiko batzuek, Espainian gaude eta. Ez itzazu nahastu euskara eta politika, espainiarrek ederto egingo dute-eta zure ordez.
Euskararen alde gauza handirik egiten ez duten zenbaitek diotenez, euskararen alde ekiteko modurik hoberena hizkuntza eta politika elkarrekin ez nahastea da. Euskaldunok nahastu ditugu ala? Euskararen gaur egungo egoera geuk hartu ez ditugun erabaki politiko zehatzen ondorioa da, eta konponbidea ere bide beretik etorriko beharko da halabeharrez. Horregatik esaten dute batzuek ez direla euskara eta politika elkartu behar. Badaezpada ere. Ez daitezela gauzak konpondu, mesedez!