Arrazakeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Ken Loachen "Just a kiss" filmearen emanaldia izango da Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 17a, 20:54
Datorren astelehenean, Arrazakeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Ken Loach zuzendari britainiarraren "Just a Kiss" filmearen emanaldia antolatu du egun horretarako Getxoko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Inmigrazio Zuzendaritzarekin batera. Saioa Algortako Getxo Antzokian izango da, 19:00etan, eta sarrera 2,60 eurokoa. Nazio Batuek arrazakeriaren aurka lan egiteko konpromisoa berresteko eguna izandatu dute martxoaren 21a. 1960 urteko horrelako egun batean, Hegoafrikako Saharpeville hirian apartheid legea salatzeko egiten ari ziren manifestaldi baketsu baten aurka egin zuen tiro poliziak.
Egun hori gogora ekarriz, kulturarteko bizikidetzaren balio erantsiaren gaineko topagune eta hausnarketa-gunea egokitu nahi du Getxoko Udaleko Inmigrazio Arloak. Izan ere, aipatu filmaren emanaldia amaitutakoan solasaldi bat egingo da, "Biltzen" Kulturarteko bitartekotza eta heziketa arloko ekimen komunitarioen koordinazio zentroak dinamizatua, partehartze irekia izango duena, bertara etorkinak eta horiei laguntza emateko elkarteak gonbidatu direlarik.

"Just a kiss" filmea Paul Lavertyren gidoi batean oinarrituta dago. Musulman eta kristauen arteko bizikidetzan 2001ko irailaren 11ko atentatuek izan zituzten ondorio zuzenen harira, amodioaren eta sinesmen erlijiosoen arteko gatazkari buruzko istorioa idaztea erabaki zuen.

Beste hainbat ekitaldi

Bestalde, SOS Arrazakeriak beste ekitaldi batzuk antolatu ditu udalerrian datozen egunetan. Bihar ostirala 18tik martxoaren 29ra bitartean, Getxo Antzokiko atariak "Ni ere pertsona" izenburuko erakusketa hartuko du. Horren atzetik etorriko da apirilean hiru filmeren emanaldia, Algortako Kultur Aretoan: Tony Gatlif-en "Vengo", hilaren 7an; Radu Mihailenaur-en "El tren de la vida", hilaren 15ean; eta Mathieu Kassovitzen "El odio", hilaren 22an. Saioak 19:00etan izango dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun