Bilborako bidean, Andrakatik sartuko da Korrika Uribe Kostan goizean goiz, ia ia gosaltzeko betarik ere eman gabe. AEKk emandako ordutegi eta ibilbidearen arabera, Lemoiz (06:08:58), Gorliz (06:21:58), Plentzia (06:44:04), Barrika (07:00:19), Urduliz (07:12:40), Sopela (07:30:52), Berango (08:08:34), Algorta (08:22:32) eta Itzubaltzeta / Erromo (09:16:10) igaro ostean, Ezkerraldera abiatuko da euskararen aldeko martxa Bizkaiko Zubia hartuta. Eskualdera berriro ere bueltatuko da bazkalostean, Barakaldoko gasolinoa hartuta, egin gabe utzitako Erandio (16:16:58), Astrabudua (16:33:52) eta Leioa (16:54:21) ibiltzeko.
Ekitaldi ugari
Korrika heldu bitartean eta ondoren txalaparta, trikitrixa, alboka eta bestelako musika doinuez egongo dira alaituak eskualde ezberdinetako kaleak. Besteak beste, gorputza berotzeko, txokolatea dastatzeko aukera izango dute gozaldu ez dutenek (edota birritan hartu nahi dutenek), Telletxen, 9:30ak aldera. Gainera, Korrika Uribe Kostan birritan sartzeak aukera aparta ematen du. Erandion, Astrabuduan eta Leioan berriro ere arineketan ibiltzeko aukera izango dute gainontzeko udalerrietako lagunek.
Hona hemen azken horietan egongo diren ekitaldiak:
Erandio:
Eguerdiko 12:30etik aurrera Erandio eta Astrabuduako plazan umeentzako jokuak eta tailerrak egongo dira: txistulariak eta dantzak Astrabuduan, erraldoiak eta gaiteroak Bekoan. 14:30ean otzararen zozketa, txitxiburduntzia, fanfarriak... 16:00etan guztiok gasolinora euskararen alde Korrika egiteko prest.
Leioa:
11:30: "Txikiak" eta "Gure Ohiturak" dantza taldeen eskutik kalejira eta kale animazioa.
13.30: Hamaiketakoa Ikeabarri plazan.
16.50ak aldera Korrika pasatuko da.
22:00: Erromeria (Sakanako Trikitixa) Ikeabarri plazan.