Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Lanez gainezka egon da gaur Itzubaltzeta gaztetxea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 19a, 22:47

Amarratsak kolektiboak eta Itzubaltzetako gaztetxearen batzarrak deituta eskualdeko auzolanak izan dira egunean zehar Itzubaltzeta / Erromoko etxe okupatuan. Korrikak Bizkaiko Zubia gurutzatu ostean, gaztetxera hurbildu dira sortu berria den Sopelako Gazte Asanbladako kide batzuk, Algortako Gazte Asanbladako beste lagun batzuk eta baita ere Itzubaltzeta / Erromoko eta eskualdeko beste norbanakoak, 30 bat guztira. Udondo gaztetxekoek, Korrikako zereginetan ibili direla, tresneria eta aldamioa utzi diete. Jon Sagardui gaztetxeko kideak adierazi duenez, "oso positiboki" baloratu dute eguna eta PPk gaztetxea botatzeko egindako eskaera "PPkoei txarto atera" zaien "hauteskunde kanpainatzat" jo du.

Pabilioi osoko kanpoaldea, gaztetxekoa eta hauen baimenarekin auzokideena ere, karez garbitu dute eskualdeko gazteek; gaztetxearen barruan, beheko solairuko hormetako hainbat zulo estali dituzte; goiko solairuan, altzari zaharrak eta hondakinak metatu eta kanporatu dituzte, ondoren zegozkien edukin-ontzian bota dituzte; azkenik, goiko solairuan tarima bat jarri dute, zoruaren egoera konpontzeko. Zoritzarrez, kanpoaldean ezin izan dute goiko aldea kareatu eta ur-hodia garbitu, aldamioarekin arazo batzuk eduki dituzte eta. Baina ez dute baztertzen laster egitea.

Hasieran lotsatuta

Itzubaltzeta gaztetxeko batzarretan kanpokoei laguntza eskatzeari "lotsatzekoa" izango zela irizten zioten-eta hilabete batzuk eman dituzte auzolanetan bertako jendearekin soilik kontatuz. Baina, lehenengo hilabetean ez bezala, asteburu bakoitzean hiruzpalau pertsona aritu dira bakarrik, txandaka, eta Amarratsak kolektiboak deialdi zabalaren ideia berriro mahai gaineratu zienean gogoz onartu zuten. Itzubaltzeta gaztetxekoak pozik daude emaitzekin: "eskertzekoa da hainbeste jende lan egitera etortzea". Eta saritu ere egin dituzte bolondresak, herri bazkari baten bidez. Hurrengo asteotan ohiko herri deialdietara bueltatuko dira Itzubaltzetakoak eta, gaur bezala, bertako jende gehiagok parte hartzea espero dute. Bestalde, "Itzubaltzeta ere prest dago beste herrietan laguntzeko, Sopelan okupatuko dutenean edo Algortan...", Sagarduik aitortu duen bezala.

"PPkoei txarto atera zaie jokaldia"

Azken asteotan "El Correo Español"-en izandako artikulua eta Marisa Arrue Alderdi Popularreko Getxoko bozeramaileak egindako adierazpenak, non, bertara skate-pista mugitzeko gaztetxea dagoen pabilioiak botatzea eskatu zuen, hauteskunde kanpainaren barruan kokatuz ulertu behar direlakoan daude gaztetxekoak. Baina, Itzubaltzetakoen aburuz, "PPkoei txarto atera zaie jokaldia". Hausnarketa hori gaztetxearen aurretik pasatzen diren auzokideen jarreretan oinarritzen du Sagarduik: "auzokideek ikusten dute hemengo gazteriak lan egiten duela, eraikina hobetzen duela, kezkatzen dela, eta auzokide gehienek animoak ematen dizkigute".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun