Sei euskara elkarte gehiago batu dira Topagunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 21a, 22:17
Iragan den larunbatean Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak urteko batzar orokorra egin zuen Durangon. Bertan, beste sei euskara elkarte Federazioan onartu, 2005eko lan-ildoak zehaztu, lehendakariorde eta Zuzendaritza-Batzorde berria izendatu, eta, azkenik, Topaguneak Soziolinguistika Klusterrean nahiz Tokiko telebista elkartean kide moduan aritzea adostu zen. Uribe Kostan gaur egun lau dira Topagunearen bazkideak: Berbots Erandion Euskaraz, Bizarra Lepoan Getxoko Euskara Elkartea, Boluntzarreta elkartea ("UK" aldizkariaren argitaratzailea) eta Urdulizko Euskara Taldea.
Topagunean federatutako sei euskara elkarte berriak ondokoak dira: Belaiki, Trolebu, Illati, Aizpea, Karrikiri eta Mailope. Horrela, 78 elkarte dira gaur egun Topaguneko bazkide.

Belaiki elkarteak (Baranbio, Araba) kulturgintzan egiten du lan, batik bat.

Trolebu elkartea Aulestiko euskara elkartea da eta 1989an sortu zen. Kulturgintza jarduerak antolatu ez ezik, merkataritza euskalduntzeko kanpainak eta alfabetatze ikastaroak ere aurrera eraman ditu.

Illati euskara elkartea 2003an eratu zen, Idiazabalen (Gipuzkoa). Gaur egun, 70 bazkide inguru ditu eta Aldaize bi hilabetekaria argitaratzen du.

Aizpea elkartea (Irurtzun, Nafarroa) 1993an eratu zen. Gaur egun, 45 bazkide ditu. Orain arteko lan-arlo nagusiak kulturgintza eta umeei zuzendutako aisialdiko egitarauak izan dira, oro har.

Karrikiri elkartea 1996an eratu zen, Iruñean. Karrika aldizkaria argitaratzeaz gain, merkatariekin hitzarmengintza programa aurrera darama eta, Karrika gurea sentiberatze kanpainaren bitartez, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu (lan-poltsa, pisukideak bilatu, itzulpena, eta abar). Karrikadenda ere kudeatzen du.

Mailope elkartea, azkenik, 2002an eratu zen, Araitz-Larraunen (Nafarroa). Bere jarduera Araitz eta Larraun Bailarako 15 herri txikitara zabaltzen da. Guztira, 110 bat bazkide ditu eta Mailope hilabetekaria (1990) kaleratzen du.

Topagunearen 2005eko lan-ildoak

Nafarroako Topagunea Federazioa sortzeak bide berriak zabaldu ditu herrialde horretan, 2004an zehar. Adibidez, euskaldun berrientzako Mintzakide egitaraua Iruñerrian martxan jarri ahal izan da. Iaz ere, HerriKO idatzizko prentsa sustatzeko kooperatiba sortu zuen Topaguneak, bederatzi euskara elkarterekin batera.

Euskara elkarteen beharrei ondoen erantzuteko asmoz, Topaguneak sustapen arloari nortasun propioa eman nahi dio 2005ean. Horretarako, sailkako helburuak gainditu eta euskara elkarteen sustapena landuko duen arduraduna izango du Federazioak. Aldi berean, euskara elkarteei eskaintzen dizkien zerbitzuei eutsi eta horien garapena ere bultzatuko da. Horren adibide dira aurreikusten diren proiektuak:

- Haur eta Gazte sailak: Asteburuetan.com egitaraua indartuko da. Esaterako, aurten, Gazte Sortzaile Sariaren II. edizioari ekingo diote. Iazko Sariaren gaiak bide propioa hasiko du, izandako arrakastaren ondorioz: II. Graffiti Lehiaketa, hain zuzen. Horrela, gazte euskaldunen sormen artistikoaren alde bi, honezkero, bultzatu dira.

- Kultura saila: Kultur errota (musika, diaporama, antzerkia, ipuin kontalariak, pailazoak, eta abar) eta Euskarazko Film Laburren II. Zirkuituaz gain, antzerki amateur ziklo berria antolatu gura da.

- Hedabideen saila: Tokiko telebistaren legedi berria kontuan izanda, euskarazko telebistak sustatzeko lana egingo du Topaguneak.

- Euskaldun berrien saila: Gidaliburuaren argitalpena eta prestakuntza saioak aurreikusten dira.

- Bestelakoak: Arlo berria sortuko du Federazioak: euskararen erabilera sustatzeko sentiberatze-lana, alegia.

Horretarako, 879.000 €ko aurrekontua izango du Topaguneak.

Aldaketak Topagunearen Zuzendaritzan

Azkoitiko (Gipuzkoa) Maxixatzen elkarteko kide Karmen Irizar Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko lehendakariorde izendatu zuten Batzar Orokorrean. Karmen Irizar (1974) Ingeles eta Euskal Filologian lizentziatua da. Gaur egun, literatura doktoregaia eta Maxixatzen elkarteko lehendakaria da.

Horrez gain, lau batzordekide berri ere hautatu dituzte, ondokoak, hain zuzen: Iurretako (Bizkaia) Gurien Bai elkarteko kide Amaia Alberdi, Mungiako (Bizkaia) Mungia Euskaldunduz elkarteko kide Maider Urrutia eta Hernaniko (Gipuzkoa) Dobera elkarteko kide Idoia Illaramendi, hain zuzen.

Bestetik, aurreko urtetik jarraitzen duten Zuzendaritza-Batzordeko gainerako kideak honakoak dira: Joxemari Muxika (Topaguneko lehendakaria), Iker Martinez de Lagos (idazkaria), Unai Larreategi (diruzaina), Pedro Zuberogoitia (Deustuko –Bizkaia- Berbaizu elkarteko kidea) eta Castillo Suárez (Altsasuko –Nafarroa- Bierrik elkarteko kidea). Topaguneak aurreko Zuzendaritza-Batzordeko kide izandakoei egindako lana eskertu nahi izan die.

Soziolinguistika Klusterra eta Tokiko elkartea

Topaguneko kideek Federazioak Soziolinguistika Klusterrean eta Tokiko elkartean parte-hartzea berretsi zuten Batzar Orokorrean. Soziolinguistika Klusterra irabazi-asmorik gabeko elkartea da, euskararen berreskurapen eta normalizaziorako soziolinguistika-ezagutza garatzea helburu duena. Topagunea eta Euskara Elkarteek euskararen erabilera areagotzearen alde lan egiten dutenez, euren esperientzia Klusterrari eskaini diote.

Bestetik, Tokiko elkartea euskarazko tokiko telebisten jarduna indartu eta, sektore horretan, euskararen presentzia bermatzeko asmoz sortu zen 2004ko azaroan. Tokiko hedabideak lantzen duenez eta, sektore horretan, telebista bi federatuta daudenez, Topaguneak Tokikon parte-hartzea erabaki du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun