Irakaskuntza eta kudeaketaren kalitatea neurtzeko bi gida argitaratuko dituzte EHUk eta Euskalitek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 22a, 18:52
EHUko errektore Juan Ignacio Perezek eta Euskaliteko presidente Xabier Alkortak bi hitzarmen sinatu zituzten atzo. Lehenengoa, unibertsitatean kalitatea sustatzeko da. Bigarrenak, aldiz, aurten burutzeko hiru ekintza jasotzen ditu: batetik, gidaliburu bi egitea, bata European Foundation for Quality Management (EFQM) delako eredua unibertsitatearen berezitasunetara egokitzekoa, eta bestea kalitatearen gestioa ikastegietan ezartzen laguntzekoa; bestetik, hitzarmenak Euskalitek une honetan Konpromiso Diploma daukaten EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatearekin eta beste hiru ikastegiekin jarraipen bilerak egitea aurreikusita dauka. Era horretan, zalantzak garbitu eta urte anitzeko planean zehaztutako eginkizunak betetzen lagundu ahal izango dute Euskaliteko kideek.
Lehenengo gidaliburuak mekanismoak emango ditu kalitate irizpideak irakaskuntzan aplikatzeko, irakaskuntza zentzu hertsian ulertuta (ikasgelako lana, tutoretza, Internet bidezko irakaskuntza, irakasle eta ikasleen arteko harremanak eta abar).

Bigarren gidaliburuak ikastegien gestioari erreparatuko dio, eta hainbat adierazle emango ditu, unibertsitate osoarentzat balioko dutenak, kalitatea modu objektiboan ebaluatzeko. Gidaliburuok EHUko nahiz Euskaliteko adituek egingo dituzte.

Autoebaluazioa

EHUk kalitatearen gestiorako aukeratu duen eredua, esan bezala, European Foundation for Quality Management (EFQM) izenekoa da, Euskal Autonomia Erkidegoan Euskalit Fundazioa daukana erreferentziatzat. Eredu horren arabera zenbait urrats daude kalitatearen ebaluazioan: lehenengoa Kalitate Osoa lortzeko Konpromiso Diploma da. Horrek esan gura du enpresa edo erakundeak autoebaluazioa egin duela EFQM eredua erabiliz, eta hiru urteren buruan prest egongo dela Zilarrezko Q delakora aurkezteko. Q hori eskatuz gero, kanpoko ebaluatzaileek aztertzen dute zelako aldea dagoen erakuinde horrek unean daukan kalitatetik kalitate osoa deritzonera, eta gutxienez 400 puntu eman behar dizkiote enpresa edo erakundeari Zilarrezko Q hori lortzeko. 500 baino gehiago emanez gero, Urrezko Q ematen diote, eta Enpresen Bikaintasunaren Europako Sarira aurkez daitezke erakundeok.

Gaur egun hauek dira EHUn Konpromiso Diploma daukaten ikastegiak: Leioako campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa, eta Gasteizko Erizaintza Eskola (EHUri atxikitako ikastegia). Donostiako Eskola Politeknikoak, berriz, 2002an lortu zuen Zilarrezko Q delakoa. EHUk, gainera, Kalitate Katedra bat dauka, unibertsitatean kalitatearen kultura sustatzen duena, eta Gestioa Berritzearen Aldeko Ikastegien Sarearen menpe dagoena. Sare horretan biltzen dira kalitatearen alde aparteko ahalegina egin duten EHUko fakultateak eta eskolak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun