Getxo Kirolak tokiko erakunde autonomoaren estatutuei alegazioak:
Pasa den abenduaren 30ean behin behingoz onetsi izan diren Getxo Kirolak tokiko erakunde autonomoaren estatutuak herritarren iritzi eta parte hartzea kontuan izan gabe idatzi egin dira. Horrez gain azken udal hauteskundeetan Getxo Bizia hautes zerrenda aukeratu zuten 2.756 getxoztarrei, dagokien ordezkaritzaren bitartez udal batzarreko eztabaidan eta bozketan ordezkatuta egotea ukatu egin zaie.
Testua idatzi eta bere onespenerako demokraziaren kontrako aipatu prozedura eta estatutu hauen edukin bera ikusita Getxo Bizia herri plataformak hurrengo alegazioak aurkezten ditu:
- Ez Getxoko kirol instalazioetako erabiltzaileek, ez Fadura Udal Kiroldegiko abonatuek, ez kirol taldeetako kideek, ezta oro har Getxoko herritarrek ere, ezin izan dute udal batzarrean behin behingoz onetsi zen testuaren idazketan parte hartu.
- Demokraziaren oinarrien kontra, estatutuak behin behingoz onesteko Udal Batzarreko eztabaida eta bozketa Getxo Bizia eta hauteskundeetan zerrenda hau aukeratu zuten herritarrak baztertuz egin izan dira.
- Kontseilu Artezkariaren osaketan kirolari, kirol taldeetako ordezkari, kiroldegietako abonatu eta oro har herritarren presentzia ukatu egiten da.
- Estatutu hauek ez dute Getxoko kirol instalazioak kudeatzeko ez eta kirol politikak Getxon aurrera eramateko kirolari, kirolzale, instalazioetako erabiltzaile eta oro har honetan interesa izan dezaketen herritarren parte hartzerako ezelako bitartekorik aurreikusten.
Guzti hau dela eta, Getxo Bizia herri plataformak Getxo Kirolak tokiko erakunde autonomoaren behin behingoz onetsitako estatutuak erretira daitezela eta goian aipatu irizpideak kontutan hartuz estatutuok berriro idazteko prozedura demokratikoa martxan jar dadila proposatu eta exijitu egiten du.
Getxon, 2005eko otsailaren 28an
Getxo Bizia