Granadan lapurtutako autoan zihoala, Frantziako herritarra atxilotu dute Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 23a, 21:07
Auto bat lapurtzea egotzita, Frantziako K.F. 28 urteko herritarra atxilotu zuen atzo Erandion Ertzaintzak. Gelditzeko agindu zioten polizia agenteak harrapatzen saiatu zen eta, bere atzetik zihoazela, auto-istripua izan zuen. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera, 20:45ak aldera ohartarazi zuen polizia autonomikoa beste gidari batek, Opel Astra markako autoak maniobra arraroak egin eta errepidetik atera zuelako. Matrikula zenbakia polizia artxiboetan gainbegiratuta, ibilgailua otsailaren 14an Granadan lapurtua izan zela egiaztatu zuen Ertzaintzak.
Erandioko merkatalgune batetik ateratzen zegoela atzeman zuen kotxea patruila-auto batek. Gidariari gelditzeko adierazi eta honek ez zuen kasurik egin, polizia agenteak harrapatzeko zorian egon zelarik. Horren ostean, atzetik joan zitzaizkion eta hainbat semoforo gorriz igaro zituen lapurrak, beste gidarien segurtasuna arriskuan jarriz. Azkenik, Playabarri kalean utzi behar izan zuen ibilgailua, hormigoizko ezponda baten aurka jo zuelako. Nahiz eta oinez ihes egiten ahalegindu, Lutxanako metro geltoki parean atzeman zuten, trenbidea igaro eta gero.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun