2004ko abenduaren 30eko osoko bilkuran behin behinekoz hartutako erabakia berretsiz, Getxo Kirolak izango du izena hemendik aurrera Fadura Udal Kiroldegia erakunde autonomoak. Aurretik aipatutakoa, Andra Mari eta apirilaren 8an zabalduko den Gobela kiroldegiak beregain hartuko ditu horrek. Hala ere, hainbat tankeratako tira-birak sortu ditu alderdien artean aldaketak. Urtarrilaren 31an aurkeztutako alegazioetan bezala, hizkuntza aldetik, "ulermen arazoei" heldu zien atzokoan Eduardo Andrade zinegotzi popularrak. "Madrildik, Kataluniatik... datozen turistentzat arrotza da 'kirolak' hitza, udalerriko kirol zerbitzuei buruzko informazioa bilatu nahi izan ezkero, ez lukete ezta Telefonicara deituta aurkituko", aipatu zuen berak.
Horri erantzunez, Udalaren "lehentasuna" auzotarrak direla gogorarazi zion Andraderi Imanol Landa Presidentzia zinegotziak (EAJ). "Hasieran etorkinak aipatzen zenituzten, oraingoan turistak, zer gehiago atera behar duzue? Gainera, kanpotik etortzen diren horiengatik lasai egon, Getxo Kirolen gaineko informazioa euskaraz ez ezik, erderaz, ingelesez... ere emango baitugu", azaldu zuen. Horren harira, euskara bultzatzea euren lehentasunen artean ez dagoela egotzi zien popularrei Landak.
Izen elebakarra zilegia
Elebitasunetik abiatuz bi dira Udalak egiten dituen bi salbuespenak (hizkuntza paisaiari dagokionez), Landak azaldu zuenez. Lehendabizi, bi hizkuntzatan grafia oso antzekoa den terminoetan euskarari ematen zaio lehentasuna. Adibidez, 'aeropuerto' eta 'aeroportua' hitzen kasuan. "Horrelakoetan, komunikazio eta ulermen arazorik ez du sortzen euskarazko terminoa erabiltzea", aipatu zuen. Bigarren salbuespena orokorrean herritarren artean ezagunak diren terminoak dira. Hain zuzen ere, horrek ematen dio zilegitasuna 'Getxo Kirolak' terminoa erabiltzeari Presidentzia arloko zinegotziaren hitzetan.
"Zaindu ez ezik, bultzatu egin behar dugun ondarea da euskara. Beraz, bultzatzeko neurriak beharrezkoak dira, ezin delako parekatu 400 milioi hiztun dituen erdera, gutxiengoan eta nolabaiteko ahulezi egoeran dagoen hizkuntzarekin", azaldu zuen Landak.
Herritarren presentzia
Getxo Kiroletako Kontseilu Artezkariaren osaketan kirolari, kirol taldeetako ordezkari, kiroldegietako abonatu eta oro har herritarren presentziarik ez dagoela jasotako kritikei ere erantzun zien Landak. Bere hitzetan, eztabaida-gune "nahikoa" badago gaur egun "Udalaren erabakien gainean auzotarrek euren iritzia eman dezaten". Hala ere, gizarteko beste estamentuena baino, bere alderdiaren beraren parte hartzea aldarrikatzea izan zen nagusi Andraderen hitzetan. "Foro horietan ez daukagu lekurik oposizioko alderdiek, baztertu egiten gaituzue. Beldurrik al daukazue auzotarrek zer uste duten jakin dezagun?", bota zien Udal Batzordeko ordezkariei zinegotzi popularrak. Landak, berriz, eurentzako foroak informazio batzordeak eta udalbatza direla erantzun zion, "Madrilen Aznarrek bultzatzen zuen partehartzea" ironikoki aipatuz.
Gaiaren inguruko berriak:
Getxo Kirolak udal erakunde autonomoaren estatutuei alegazioak aurkeztu dizkie Getxo Biziak (2005 Mar 22)
Hizkuntza paisaian ere lehentasuna euskarari eman behar zaiola diote Getxoko Udaletik (2005 Ots 09)
Getxo Kirolak udal erakundea "Instituto Municipal de Deportes" ere deitzea nahi du Getxoko PPk (2005 Ots 07)