Zubilletan babes ofizialeko 124 etxebizitza egin nahi dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 30a, 00:29
Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Zerbitzuetako Sailak Zubilleta aldean babes ofizialeko 124 etxebizitza egiteko asmoa iragarri dute, horretarako behin-behineko akordioa izenpetuz. Bi erakundeen artean izandako etengabeko elkarrizketen ostean, lehendabiziko pausua baino ez da astearte hau goizekoa, hitzarmena behin betiko bihurtzeko, Getxoko udalbatzaren onespena beharrezkoa delako, "udal ondareaz ari baikara", Iñaki Zarraoa alkateak (argazkian ezkerrean) azaldu duenez. Gehienez bi hilabeteko epean hartu beharko da aipatu erabakia, adostutakoaren arabera. Jaurlaritzak oniritzia eman dio jada. Osoko bilkuran aurkeztu bitartean, arlo teknikoaren gaineko xehetasunak zehazten dihardute udal teknikariak.
Getxoko udalbatzak hitzarmena onartzeko "arazorik ez" da egongo, Zarraoaren hitzetan, "alderdien arteko adostasunari esker". Akordio honek aipatutako etxebizitzen eraikitze-lanak arinduko ditu, Eusko Jaurlaritzako Visesa elkarteak lehenengo aldiz "agente urbanizatzaile" bezala jokatuko baitu, “proiektua aurrera eramateko laguntza eta aholkularitza teknikoa eskainiz”, alkateak azaldu duenez.

Getxoztarrentzat

Zubilleta aldean, Gobela erreka eta Uribe Kostako Korridorearen artean aurreikusitako 365 etxebizitzetatik 124 babestutakoak izango dira, Getxo udalerriko bizilagunei zuzenduak gainera. Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte sailburuak (argazkian eskuinean) azaldu duenez, “bertan, Udalarenak diren orubeak egoteaz gain (inguru osoko lurren %20, gutxi gora behera) gaur egun bestelako jabe asko dago, eta horrek, eremuaren kudeaketa eta garapena zaildu egiten du”. Hori dela eta, lursailen kudeaketaz arduratzen den Orubide elkarteak egingo ditu oraindik Udalarenak ez diren lurrak eskuratzeko bitartekari lanak. Behin, hori eginda, udal jabetzakoak izango dira orube guztiak eta Jaurlaritzari lagako dizkio tokiko erakundeak, bertan etxeak egiteko. Visesak, bere aldetik, inguru osoa urbanizatzeaz arduratuko dira, baita babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzaz ere. Horretarako, 20 milioi euro jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, orubeen jabetza Udalarena izaten jarraituko du.

2009rako eginak

Zubilletarako egitasmoak 90.000 metro koadroko azalera hartuko du eta horretatik 25.000 metro koadro berdeguneak jartzeko izango dira. Etxebizitza sailak xehetasun ikerketa aurtengo abendurako izatea espero du, urbanizatze lanak 2006ko apirilean hasteko. Eraikitze lanak 2007ko martxoan hasiko omen dira (etxebizitzen zozketa garai horretan egiteko asmoa dute) eta 2009an emango zaizkie pisuak jabeei. Operazio honekin zenbait helburu beteko dituzte, luze geldirik izan diren orube batzuen dinamizazioa, hiri sarea osatzea eta ingurua berpiztea tartean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun