Eskubide demokratikoen errespetua; ilegalizaziorik ez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko mar. 30a, 21:12

Euskal herritarrok urte luzez indarrean daraman egoera ez-normala jasan ohi dugu. Egoera politiko korapilatsuak direla medio, arazo larri eta mingarriak gertutik ezagutu ditugu, behin baino sarriago, eta horren adierazgarri dira gure herri eta hirietan gertatu diren mota guztietako hilketak, debekuak, kartzelaratzeak eta, auzi politiko horiek tarteko, herritik alde egin behar izatea.

Egoera hori hamarkadatan pairatu dugu inguruan, eta azkeneko hamar urteotakoa bereziki bortitza izan da, arestian aipatu ditugun arazo horiek guztiak nabarmenki jasanarazi baitizkiote euskal herritarrari.

Gaur egun gero eta gehiago dira gure herriak behar duen baketzeaz eta konponbideaz hitz egiten dutenak. Horietako batzuk ardura politikoak dituzten agintariak eta alderdi politiko desberdinetako kideak dira. Madrilen gobernu aldaketa egon izana eta gatazkari serio heltzeko zabaldu diren asmo eta hitzek, aldaketa garrantzitsuak iristear egon litezkeela pentsarazi digute.

Aldaketaz hitz egitea ondo dago; beharrezkoa ere bada, ziurrenik, baina aukera berriak agertzen ari diren momentu honetan, garrantzitsua da, halaber, aldaketa hori, nolanahikoa delarik, baliagarria izan behar duela gure herriak behar duen bakea lortuko bada, gure gizartearen borondatea antolatu eta babestuko duen akordioa lortuko bada eta, behingoz, urte luzez jasan dugun sufrimendua amaitu eta eskubide guztiak gauzatuko badira.

Hori dela-eta, Euskal Herrian haize berriak igartzen direnean, bakerako aukera berriak agertzen ari direnean, kezka berezia azaldu nahi dugu datoren hauteskunde-deialdiaren harira. Antza, dagoeneko iraganeko praktikatzat geneukan ideien bazterketa eta jazarpenerako joerak oraindik ere bizirik dirau, hainbat agintarik berriki iragarri dutenez, oinarrizko eskubideei eraso egin nahi baitzaie, eta hainbat herritarri hautestontzietan lehiatzeko eskubidea ukatzeko asmo nabaria baitago.

Edozein herritarri edonoiz inolako eskubiderik kentzea edozein egoeratan larria bada, are larriago irizten diogu jendea ideologiarengatik baztertzeari, eta hauteskundeetako lehiarako ezgaitzeari, horrela jokatzea, testuinguru honetan, bakerako perspektibak eta itxaropena kolpatzea baita.

Horregatik guztiarengatik, datozen hauteskunde autonomikoen deialdiaren harira, herritar guztiok hauteskundeetan parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu, oinarrizko eskubide unibertsala baita. Gure gizarteko edozein norbanako zein iritzi-kolektibori hautagai izateko eskubidea kentzeko, Gobernu Espainiarreko agintariek iragarri duten asmoa salatu nahi dugu, eta luzatu diguten mehatxua gauza ez dezaten exijitzen diegu.


Eskubide Zibil eta Politikoen aldeko Algorta eta Getxoko Ekimena
e-posta: eskubideak@euskalerria.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun